Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Netflix edo zinema?

2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Zinema areto batera sartzeko sentsazioa nork ez du maite? Ilun dagoen areto batean ezagutzen ez ditugun beste pertsonekin pantaila handi batean istorio bat bizitzeko une magikoa da. Pantaila handiaren esperientzia galtzen hasi gara azken urteetan. Plataformak gure bizitzan sartu zirenean, zinemaren gainbehera izango zela zirudien, baina aretoek bere publiko fidela mantendu dute. Pandemiak zinema areto askoren itxiera ekarri du, eta momentuz krispetekin sartzea ezinezkoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zinema aretoetan.

Zinema ikusteko moduak aldatu egin dira, baina gaur egun Netflixek aurkezten dituen filmak areto gutxitan ikusteko aukera dago. Azken hilabeteetan, Donostiako Zinemaldian ikusgai egon ziren The Power of Dog (Jane Campion) eta The Hand of God (Paolo Sorrentino) filmak estreinatu ditu plataformak. Bi film horiek jaialdietan arrakasta handia lortu dute, eta Jane Campionen filma Oscar sarietarako faboritoen artean dago. Zoritxarrez, Euskal Herrian pantaila handian ikusteko aukera oso gutxi egon dira, eta bi maisulan horiek ikusteko aukera nagusia etxeko pantailan ikustea izango da.

Madrilen bizi naiz eta hemengo zinema areto askotan bi filmak ikusgai egon dira Netflixen baino lehenago. Sorrentinorena abenduaren 3tik dago areto batzuetan, eta atzo izan zuen estreinaldia plataforman. Estreinaldi formatuak aretoari eta plataformari on egiten diela uste dut, baina areto gutxik onartzen dituzte plataformaren eskakizunak.

Lasai, ez naiz akastu, badakit telebista eta plataformen inguruan idazten dudala zutabe honetan. Baina etxean ikusten ditugun fikzio eta dokumentalak pantaila handian ikustea ere gustuko dut. Euskal aretoetan bi film horiek ikusteko aukera hain murritza izango denez, biziki gomendatu nahi ditut Netflixen jada ikusgai dauden bi lanak. Sorrentinoren filmarekin negar egin nuen. Zuzendari italiarraren nerabezaroa ezagutuko dugu The Hand of God filmean, eta Napoli ezagutzeko gogoak sorraraziko dizkigu lanak. Campionen filmak tentsioan mantendu ninduen amaierara arte. Maskulinitatearen hauskortasuna erakutsi digu Zeelanda Berriko zuzendariak The Power of Dog-en. Bideoak irrati izarra akabatu zuen; beraz, ez dezagun utzi plataformek zinema akabatu dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.