Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Neurria

2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bada jende klase bat misteriozko laino batek biltzen duena. Katu jendea. Begirada sarkorra eta jokabide erraria dute: tarteka isilune luzeak, tarteka jarrera ausart eta oldarkorra. Nerabezaroan tokatuz gero, edonorengan lilura eragin dezakeen espeziea da, jakin-mina pizten duena. Baina zahartu eta halako gehiago ezagutu ahala, laster agortzen da interes horren iturria. Hamarretik zortzitan, misteriozko laino hori ez da babes maskara bat besterik; hamarretik bederatzitan, atzean dagoena bestearen irudimenak eraiki duena baino puskaz arrunt eta aspergarriagoa da.

Netflix pertsona bat balitz, gisa horretakoa litzateke. 2011n hasi zen telesailak eta filmak ekoizten, eta bere edukiek bezainbesteko lilura sortu du bere opakotasunak. Denok antzeman dugu izugarri zabaldu dela —Oscarretaraino ere bai—, baina ez da erraza izan horren neurria bistaratzea: ez ikustaldi daturik, ez audientziarik, ez algoritmoen azalpenik. Oraintsu arte.

Azkenean bai, marka estrategiarentzat onuragarria dela ebatzita —edo auskalo zergatik— zenbait datu eman dituzte argitara. Tartean, telesail ikusienen Top10 zerrenda. Bi modutara eman dute, gainera. Ikusitako ordu kopurua neurtuz, eta erabiltzaile kopuruaren arabera. Hori guztia, estreinatu osteko lehen lau asteak kontuan hartuta. Tentagarria da lehen irizpidea lehenestea—Itziar Ituñoren La Casa de Papel dago hirugarren postuan— baina nik bigarrenean jarri dut begia eta arreta. Netflixeko erabiltzaile gehienek ikusi dituzten telesailak, hurrenez hurren, honako hauek dira: Bridgerton (82 milioi erabiltzailek), The Witcher (76 miloi) eta Lupin (76 milioi).

Egia esan behar badut, gutxi iruditu zait niri. Argi dezadan: demagun erabiltzaile bakoitzarekin bi lagunek ikusi duela batez beste. Hala balitz, telesailik ikusiena (Bridgerton) 164 milioi lagunek ikusi dute. Ez horren azkar: bi minututik gora ikusi duten den-denak sartu dituzte zakuan, litekeena da asko bidean aspertu izana. Utz dezagun jatorrizko 82 milioietan, badaezpada. Horrela bada, eta munduan 7.800 milioi lagun bizi garela kontuan hartuta: Netflixeko telesail ikusiena ikusi duen lagun bakoitzeko, ikusi ez duten 95 daude. Eta horrek bai, horrek ematen digu, Netflixen zenbakiek baino gehiago, bizi dugun munduaren neurria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.