Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

Sami eta Abeli gutuna

2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Kaixo, Sam eta Abel: ez nauzue ezagutzen, baina zuei hitz batzuk eskaintzeko beharra sentitu dut. Asko, gehiegi, entzuna nuen The Idol telesailaren inguruan, eta entzundako horrek berau ikustetik aldendu nau hainbat hilabetez. Baina azkenik, jakin-minak bultzatuta —aski ongi baitakizue publizitate txarra publizitaterik eraginkorrena dela—, animatu naiz ikustera. Onartuko didazue mansplaining apur bat?

Abel, zurekin hasiko naiz. Gustuko dut The Weekend, benetan diot; eta telesail bat ekoitzi eta bertan aktore lanak egingo zenituela entzun nuenean, jakin-mina sentitu nuen. Oro har, musikari naizen aldetik, alor horretan fokua jartzen duten edukiek nire atentzioa bereganatzen dute; nire trauma propioekin konektatuko dutelakoan-edo —denok dugu masokismo puntu bat—. Baina uste dut emakumezko pop izar baten bizitza iluna erakusteko modu askoz hobeak daudela, hautatu duzuen ikuspuntu erotizatzaile, makur eta matxista baino. Bertan ikusten denak, pop industriari eginiko kritika baino gehiago, zure amets erotiko perbertituen isla dirudi. Protagonista zure pertsonaiaren mendeko izatera iristen den modua ezin zuen gizon batek baino idatzi. Laburrean: ez da erreala. Eta oso, OSO kutsakorrak diren jokaerak erromantizatzen ditu.

Sam, zer esango dizut. Euphoria-rekin irabazi ninduzun, eta oraindik ez dut oso argi zergatik; nik uste, zuk baino, bertako aktoreek eta jantzitegi eta makillaje arduradunek izan zutela horren ardura. Mesedez, utz iezaiozu gu denok baino azkarragoa zarela iradokitzeari. Bortxaketaren kultura erromantizatzen duen industria bat irudikatzeko bortxaketaren kultura erromantizatzeak ez du salaketa efektu hori lortuko, gu denok lerro artean irakurtzeko gai izanda ere. Protagonistaren ezaugarririk garrantzitsuena bere trauma izateak betidanik salatu izan dugun zerbait betikotzen du: fikzioan emakumezkoen rolak akziorik gabeko edukiontzi huts gisa irudikatzea. Eta ez: protagonista eszenaz eszena biluziago agertzeak ez du aurrerakoia zarela erakusten; destapeak 40 urte ditu jada. Hemen idolorik badago, Lily Rose Depp eta haren interpretazio bikaina litzateke; telesailaren lehen plano sekuentzia ikusi besterik ez dago hori egiaztatzeko. Berak ez zuen zuen kontakizuna merezi, Sam eta Abel.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.