Sanprudentzioak Matienan

Gazteak eta elkartasuna jaien oinarrian

Bihar hasiko dira Matienako San Prudentzio jaiak. Zazpi egunez mozorroek, elkartasun keinuek eta gazteek beteko dituzte kaleak

Hainbat urte dira Matienan mozorro eguna antolatzen dutela: txupinazoaren ondoren egiten dute. JUANAN RUIZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ekitaldiak ekitaldi, kalean sortzen den giroa da Abadiñoko Matiena auzoko (Bizkaia) San Prudentzio jaien berezitasun aipagarriena, Jon Azagirre txosna batzordeko kidearen esanetan. Duela hamabost urterekin alderatuta, egoera nabarmen desberdina da: «Garai haietan, kaleak uholdeak ziren». Dena den, urtero, apirila eta maiatza bitarteko egunetan, jendeak erantzun paregabea ematen diela aitortu du Azagirrek; hori gutxi ez, eta sarritan eguraldia lagun izaten dute. Jai batzordearekin elkarlanean prestatzen dute jaietako egitaraua txosna batzordekoek. Bihar hasiko dituzte San Prudentzio jaiak Matienan, eta datorren asteko larunbatera arte izango da zer egina. Azagirrek aitortu du egitarauan ekitaldiak «inbutu batekin» sartzen dituztela, tarteko jai egunak ez direlako asko.

Doniene Atxaren igoerarekin egingo dute txupinazo partikularra Matienako auzotarrek bihar: hortik aurrera mozorro eguna ospatuko dute. Halaber, kuadrillak arduratuko dira, mozorroak soinean, Doniene Atxa herriko plazara eramateaz. Ohiko txupinazoa eguerdiko hamabietan jaurtiko dute txosna inguruan.

Aldaketekin dator ibilbide luzea eta arrakasta dituen mozorro eguna. Azagirrek azaldu du jai batzordetik proposamena egin zietela orain arte egun horrek zuen lehiakortasuna albo batera utzi, eta, batik bat, lagunarteko giroa sustatzeko. Proposamenarekin erabat ados zeudenez, aurten ez da diru saririk egongo jokoetan, eta, horrez gain, arratsaldeko mozorro desfilea bukatzen denean parte hartzaile guztien artean argazki bat aterako dute.

Iganderako, bestalde, sukaldaritza erakustaldia antolatu dute, 18:00etan, Zigor Iturrieta sukaldari eta telebistako aurkezleak gidatuta. Ekitaldi berezia izango dela aurreratu dute. Iturrietak umeei errezeta bat prestatzen lagunduko die, baina ez da bakarrik egongo oholtzan. Atxondoko errefuxiatuen harrera etxean dagoen senegaldar baten laguntza izango du. Are gehiago, harrera etxeari bultzada eta laguntza emateko janari eta arropa bilketa egingo dute igande arratsaldean.

Denentzako tokia

Jaiek elkartasun kutsua izatea garrantzizkoa dela nabarmendu du Azagirrek: urtero saiatzen dira halako ekintzak antolatzen. Aurreko urtean, adibidez, Zaporeak proiekturako janaria biltzen aritu ziren. «Aurten, errefuxiatuentzat arropa bildu nahi dutela esan digute harrera elkarteko kideek». Errefuxiatuen bizipenak entzuteko aukera izango dute, eta, aldi berean, harrera elkarteak nola funtzionatzen duen azalduko diete hango boluntarioek.

Gaur zortzirako, DJ Dema antolatu du txosna batzordeak. DJ Alus eta DJ Wimis musikariek bata besteari erantzunez egiten duten ikuskizunarekin plazako giroa eta jaizaleak alaitzeaz arduratuko dira. Biak ere, Matienako herritarrak dira: hain zuzen, herriko jendea egitarauaren protagonista izatea eta jaien parte sentiaraztea garrantzitsua da txosna batzordeko kideentzat.

Bigarren asteburuko larunbatean, maiatzaren 3an, bestalde, Gazte Egunaren txanda izango da. Errefuxiatuen inguruko mahai ingurua antolatu dute, eta paella lehiaketan murgilduko dira lagun taldeak goizean. Horren ostean, herriko gazteak bazkaritan batuko dira, eta elkarren arteko jolasak egingo dituzte, elektrotxaranga lagun dutelarik.

Matienan gazteen inguruan zeuden gabeziei aurre egiteko sortu zen Gazte Eguna, duela lauzpabost urte. Azagirrek azaldu du, auzo baztertua izanik, gazteak lokaletatik kaleetara ateratzeko aitzakiaren beharra ikusten zutela. Horren harira sortu zen Matienako Gazte Asanblada: batzarretako hausnarketen ondorioz sortu zen Gazte Eguna, hain zuzen. «Hasierako balorazioak oso positiboak izan ziren, eta egun horretan lortutakoa urte osora zabaltzea planteatu zen: ekintza desberdinak egin izan dira», azaldu Azagirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.