gorka julio
IRLEN SAREA

Mamut bat dabil

2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Manifestu komunista-ren tabernako euskarazko itzulpen batek zioen moduan, «Mamut bat dabil Europan...». Mamut bat, logo moduan duen Mastodon sare sozialak arreta nahiko jaso du azken boladan. Izaera bereziko sare sozial horrek, datorren astean, euskarazko nodo berri bat izango du gurean: mastodon.eus.

Sare sozial globalen parean, software libreko tresna honek aukera berriak irekitzen dizkigu. Ez da enpresa/erakunde bakar batek martxan jartzen duen tresna zentralizatzaile bat. Nahi duenak, bere instantzia propioa sor dezake, eta, aldi berean, beste batzuekin komunikatu.

Komunitate bakoitzak, beren behar propioei erantzuten dion tresnak sortzea ezinbestekoa dela badakigu. Gure komunitateak, gure kulturak, gure hizkuntzak... munduari begiratzeko ikuspuntu propioa izateko espazioak sortu behar ditu, eta, hau, espazio horietako beste bat da.

Ez dago bakarrik. Gertu (jalgi.eus) eta urrunago (mastodon.social) antzeko komunitateen bidez eztabaidan ari direnekin elkarrekintzan aritzeko aukera ere ematen du, federazioari esker. Berdinen arteko sareak sortzeaz gain, komunitateen arteko elkar errekonozimenduan jarduteko aukera ematen du honela.

Burujabetza teknologikoa ere lantzen du, hitz potoloa iruditu arren, autonomia pertsonal eta komunitarioa lantzeko tresna dela ere esan genezake. Nahi duguna, nahi dugun eran sortu, eraldatu eta elkarbanatzeko beste tresna bat da. Mundua autonomiatik saretzeko aukera ematen duena; autonomia ez baita isolamendua, autonomia denok besteen beharra dugula jakinik, ahalik eta askatasun maila handienak eskuratzea delako.

Tresnari buruz zer esan: Twitterren antzeko tresna bat izango da, baina aipatutako ezaugarriekin, nodo berdinean dauden erabiltzaileek idatzitakoaz gain, federatutako beste nodoetakoak ikusteko aukera ematen duen sare soziala. Beste instantzia edo nodo batzuetan daudenak jarraitzeko aukerarekin. Eta, garrantzitsuena! ;-) Ikurrina emotikonoen artean izango du.

Aste honetan aurkeztuko dena horixe da. Zenbait erakunde, enpresa, kooperatiba, norbanakoren eta aktibisten sostenguarekin, irauteko perspektibarekin, munduan zehar dabilen mamut honen beste kume bat; hori bakarrik, hori guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.