Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Birusak

2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Koronabirusa gurera ere irits zitekeela entzuten hasi ginenean, Euskal Telebistako albistegiek albiste bat zabaldu zuten birusaren aurkako maskararik egokiena zein zen azalduz. Hurrengo egunean, albistea izan zen Bilbon eta inguruetan maskarak agortu zirela. Albistea ematean, harridura moduko bat nabari zen berriemaileen tonuan, halako zerbait gertatzea ulertuko ez balute bezala.

Komunikabideek eragin handia dute gizartean, eta kontzienteago izan beharko lukete horretaz. Are gehiago, azken egunetan pairatzen ari garena bezalako krisi batean. Azken urteetan, eta guztiaren merkantilizazio garai hauetan, kazetaritza ohitura oso arriskutsuak hartzen ari da. Tartean, puri-purian dagoenaz hitz egin behar izatea, etengabe, beste ezer gertatuko ez balitz bezala. Dinamika horren ondorioen artean kokatzen dut, adibidez, edozein uholde edo eguraldi-krisi gertatzean, kazetaria bertara bidaltzea. Hankak uretan sartuta eta ur-jauzi baten oinean bada, hobe. Kazetaria arriskuan jartzeak zein ekarpen egiten dio eskaintzen den informazioari? Edo krimen izugarri bat gertatu, eta kazetariak biktimen edo gaizkileen etxeetara joateak etxekoei mikrofonoa ahoan sartu, eta zentzugabekeriak galdetzera. Zertarako balio du horrek, emisio minutuak eta poltsikoak betetzeko ez bada? Zein zerbitzu publiko betetzen du?

Bai, zerbitzu publikoa. Kazetaritzak, komunikabide batzuetan, azkenaldian bilakatu den ikuskizunetik harago, zerbitzu publiko ere izan behar duelako. Eman diezaiogun kazetaritzari balioa, eta, ondorioz, merezi duen lekua. Koronabirusa dugu gaurkotasunaren erdigunean, eta asko ez dira konturatzen, egun osoa gaiarekin gora eta behera ibiltzearekin, lagundu bainoago, birusa bera balitz bezala, zoramena eta babes-ez sentsazioa kutsatzen besterik ez dutela laguntzen. Are gehiago, guztiok etxean itxita gauden egunotan. Egun osoa zerbaitetaz hitz egiten igarotzean, azkenean, garrantzirik ez duten azpigaiez hizketan amaitzen duzu, eta horrek nahastu egiten du lagundu baino gehiago. Informazio gehiagok ez gaitu informatuago egiten. Arlo gehienetan bezala, kalitatea, kantitatea baino garrantzitsuagoa delako. Eta hori ulertu nahi ez duen kazetaria ez dadila harritu, behintzat, auzoko supermerkatua bizilagun histeriko samalda batek garbitu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.