Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Zeharka

2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Ostegunean, EITBren eta tokiko hedabideen arteko harremanaz aritu ondoren, Goienako eta Tokikomeko kide Iban Arantzabalen txio bat topatu nuen larunbatean. Bertan, Osakidetzaren txio bat bertxiotzen zuen. Bertxiotutako txioan, bizi dugun pandemiaren aurrean hartu beharreko praktika egokiak erakusten zizkiguten iragarki batean, ezer berezirik ez, ezta? Ibanek txioari gehitzen zion iruzkinak, ordea, normalean arreta jasotzen ez duen errealitate bat agerian uzten zuen: «Publizitate hau ez duzu ikusiko tokikoetan, nahiz eta tokiko hedabideek %51 gorantz egin duten koronabirus sasoian. Herritarrek jotzen dute gertuko informaziora, baina erakundeen publizitateak, ez. 2.314.268 bisita; erabiltzaileak: 668.637; orrialde kopurua: 5.234.440. #HemenGaude».

Publizitatea beharrezko diru iturria da komunikabideentzat, baita tokikoentzat ere. Komunikabide horietako komertzialek ikaragarrizko lana egiten dute alor horretan, eta publizitatea herriko negozio txikiei gerturatu diete azken urteetan. Komunikabide handiek lantzen ez duten bezero mota batetik jasotzen dituzte diru sarrerak tokikoek, baina, aldi berean, bada beste bezero bat, tokikoetan dirurik uzten ez duena. Zaila da oso Coca-Colak Kanalduden edo Karkara-n Gabonetako kanpainaren ale bat sartzea, adibidez.

Hala ere, bada publizitate mota bat tokikoek eta komunikabide handiek elkarbanatu beharko luketena, eta hori, instituzionala da. Are gehiago euskarazko komunikabideak badira. Diru laguntzak komunikabide guztiek jasotzen dituzte, baina publizitatea komunikabideak zeharka finantzatzeko modu bat ere bada.

Arrazoi osoa du Ibanek Osakidetzaren iragarki hori tokiko batean ikusiko ez dugula dionean, gure instituzioen publizitatearen ehuneko oso txiki bat iristen baita hauetara. Ibanek dion bezala, datuak hobetzen eta euskaldunen egunerokotasunean leku garrantzitsu bat egin dutela frogatu arren. Garrantzitsua da EITB eta tokikoen arteko harreman, baina garrantzitsua da, baita ere, Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek, tokikoak direna bezala ikusten hastea. Eta telebista kritiken tartean gaudenez, galdera bat amaitzeko: instituzioetatik tokikoetan sartzen den publizitatetik, zenbat doa tokiko telebistetara, eta ez prentsara? Oso gutxi; zigor bikoitza telebistentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.