Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Kulturazaletu

2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Badira irakurtzean kolore deigarriz azpimarratu eta koaderno batean berridazteko gogoa pizten dizuten hausnarketak. Zure buruko ideia formagabeetatik abiatu eta taxuz antolatzearen emaitza dirudite. Zurekin nahi zenituzke beti, kaskoan fresko, badaezpada ere; ezin jakin noiz izango duzun eztabaida batean erabiltzeko parada. Hala gertatu zait Iratxe Retolaza EHUko irakasle eta literatur kritikariak Hik Hasi-k argitaratutako elkarrizketan esandakoekin.

Denak ez dira lerrootan kabitzen —sarean dago elkarrizketa—baina honako hau da gogoeta deigarrienetako bat: «Euskarazko kultura transmititzen ez bada, kultur-zaletzen ez bada, euskalduntzea ez da erabatekoa izango». Retolazak berak aitortzen duen gauza bertsua gertatzen zait niri ere: nerabezaroan nire kezka eta grinekin bat egiten zuten euskarazko sormen lanak ezagutu izan ez banitu, nabarmen kaskarragoak lirateke nire hizkuntza-gaitasunak, bestelakoak hizkuntza-ohiturak eta lausoagoa komunitate batekiko kide izatearen sentipena.

Begirada hezkuntzan jarrita esaten ditu Retolazak esaten dituenak, baina betaurreko horiek berdin dira aproposak telebista publikoari —ikus-entzunezkoei oro har— begira jartzeko. Kulturazaletzeko balio du?

Galdera hori erantzuten lagungarriak izan daitezkeen gauza interesgarri gehiago esaten ditu Retolazak. Kezkaz dio kultur ekimenak sustatzean, administra- zioak euskalduntzeari erreparatzen diola maiz, ez kulturazaletzeari. «Horrek ekarri du, kultur zalea bazara, agian ez zaizula interesatzen, zeren oso ikuspegi didaktiko edo murritz batetik dago eginda. Eta euskaltzalea bazara, eta ordura arte ez bazara kultur-zaletu, agian horrek ere ez zaitu kultur-zaletuko». Bigarren herren bat ere egozten dio hezkuntzari: idazlearen edo sortzailearen presentzia elikatzen da, haren biografia edo lan-zerrendari erreparatuz, baina oso gutxitan jotzen da testura, mamira, kultur-esperientziara.

ETBri erreparatuz gero ere antzematen dira bi joera horiek. Gazteak euskarara hurbilarazi nahi dituzten saio azalekoez gain; sortzaileak elkarrizketatzen dituzten atalez landa; bada inor zaletuko duen kultur-esperientziarik? Just for Laughs baino gehiago errepikatzen naizela esango du baten batek, baina horretarako bada bide bat: fikzioa du izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.