Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Hasiberriak

2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Beti-gaztetasunaren garaia omen da egokitu zaiguna. Hogei, hogeita bost, hogeita hamar, berrogei. Berdin du zer jartzen duen zure nortasun agirian. Gaztea izan zaitezke; gaztea zara; eta litekeena da: ez duzu gaztea—prekario, ezegonkor, errari— izaten jarraitzea beste erremediorik. Baina hori bezain egia da tarteka gure bizi-esperientziaren luzeaz ohartarazten diguten seinale batzuk iristen zaizkigula. Ezin zaiela, nahita ere, izkin egin. Zure adineko kirolariak erretiroa hartzen ikustea izan daiteke bat; musikari promesa arrakastatsuak zu baino hamar urte gazteagoak direla jakitea beste bat; edo konprobatzea zure nerabezaroko erreferente eta guapa/guapo ofizialak nola aldatu diren.

Baina hala denean ere, ez da dena kalte. Igande arratsalde gris batez oroitzapenen kutxa miatzen hastean bezala, eragiten baitu halako plazer ezkutu bat iraganari nostalgiaz begiratzeak. Horretarako aitzakia izan zen pasa den osteguneko Gure Kasa: Hasiberriak telesail mitikoko sei aktore gonbidatu, eta saio osoa haien bueltan antolatu zuten. Hori da zure beti-gaztetasunaren neurria emango dizun galdera definitiboa: zenbat urte zenituen Hasiberriak hasi zenean? Publikoan eserita zeudenak, kasurako, ez ziren jaio ere egin.

Gure Kasa-ra aktore ohiek egindako bisitak ikusarazi du, halaber, bide berria hasi behar izan zutela telesaila amaitu bezain pronto. Ia hogei urte beranduago, Oihana Maritorenak (Teresa) soilik jarraitzen du —modu batera edo bestera— interpretazioaren munduan aritzen. Gainontzekoek —Gorka Igartua, Mikel Antero, Manex Rekarte, Judit Mariezkurrena eta Aintzane Gamiz— beste alor batzuetan garatu dute euren bizibidea.

Hasiberriak sortu zeneko 2001 hartan hogei urte eskas zituzten aktoreek. Baliteke —Go!azen-ekin gertatzen den bezala— euren publikoa dezente gazteagoa izatea orduan ere; baina unibertsitate ikasle baten ohiko gaiek isla zuten: sexuak, drogek... Susmoa dut Hasiberriak-ekin zaletu zen belaunaldiak —oraindik gazteak— geroztik ez duela topatu fikzioan bere errealitatetik gertu samar egon daitekeen ezer. Baina: eta Gure Kasa-ra egindako bisita promozio ekintza bat balitz? La Polla Records itzuli da, Peiremans itzuli zen. Irudikatu spin-off bat, reality bat, edo dena-delakoa: Olga, Gari, Teresa, Jokin, Julen, Anette eta Elenerekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.