Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Galduta (I)

2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
The Sixth Sence-n umea hilda zegoen hasieratik eta Bruce Willis ez zen konturatu, Seven-eko hiltzailea Brad Pitt da, baina ez nuen oso ondo ulertu The Fight Club-en zer gertatu zen berekin, David Gale madarikatua... Berak akabatu zuen orduan! Nor demontre da Slevin?! Aaaaaaa badakit! Ez, ez dut Memento ulertu, ai ama! Eduardo Noriegak bere buruaz beste egin du! Kaka! Tximu madarikatuak! Askatasunaren estatuaren berdin-berdina den beste bat egin dute! Hondartza ondoan, ordea, xarma asko galtzen du... Tximuak...

Zer? Burua galdu dudala pentsatzen ari zarete, ezta? Ez dudala pelikula bat bera ere ulertu, nirekin zinera joatea 3 urteko ume batekin fisika kuantikoaren inguruko jardunaldi batera joatearen antzeko zerbait dela duzue une honetan buruan, ezta?

Ba jakin ezazue egin berri ditudan baieztapen inozo hauek egitea bezain larria dela, bai, bazen garaia kontu honi norbaitek heltzeko, «LOST-en HASIERATIK GUZTIAK HILDA ZEUDEN» esatea. Luzea da mesanotxeko bigarren tiraderan giltzapetuta gordea dudan lista beltza, baina ziurtatzen dizuet, zerrenda honen lehen postuan, historiako telesailik handienaren azken atalaren ondoren ondorio hori atera zuten biraogileak zaudetela. Benetan, Ana Lucia Abbaren musikal batean bezain lekuz kanpo zaudete.

Banuen gogoa askori bizitza aldatu zigun telesail honetaz Ekografietan aritzeko, eta garai batean blogean idatzi nuen post bat oinarri, telesailaz eta haren amaierak sortu zuenaz hitz egingo dizuet noizean behin.

Sei denboraldi eder, 121 ezinbesteko atal (Exposé ezik, onartzen dut), mila enigma (guzti-guztiak erantzunak, nahiz eta, erantzun batzuen kalitatea eztabaidagarria izan, onartzen dut baita ere), erritmo eta informazioaren kudeaketa ikaragarri bat, ordura arte inork irudikatu ere ez zuen pertsonaiak idatzi eta garatzeko modu bat, soinu banda (ez beti musika), pertsonaia bat gehiago bilakatzeko erakutsitako maisutasuna eta guztiaren gainetik, aurretik sekula beste telesail batek sentiarazi ez zidan sentsazio kitzikagarria erakutsi izana: atal bat amaitzean, ia menpekotasunera iristen den hurrengoari heltzeko bulkada saihetsezina, hain zuzen ere. Gauza asko dira telesail honek eskaini dizkigunak eta ehunka bere erabilpenak, Sayd Jarrahk burdindegi batean izan ditzakeenak baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.