Sanandresak Eibarren

Nekazaritza produktuei balioa emanez

Baserriko produktuak protagonista izango dira, bihar, Eibarko San Andres egunean. 72 postu jarriko dituzte, gehienbat barazkienak

Eibarko San Andres azokako artxiboko irudi bat. JON URBE / FOKU.
Nagore Arin.
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Egun berezia da eibartarrentzat San Andres Eguna; baina baita inguruko herrietako zenbait herritarrentzat ere. Sona handia du Eibarko San Andres azokak (Gipuzkoa), azaroaren amaieran egiten den azokarik inportanteenetariko eta jendetsuenetariko bat baita. Patxi Lejardi Eibarko Udaleko kultura saileko zinegotziaren arabera, «inportantzia handia» duen azoka da, bai bertakoentzat, baita ingurukoentzat ere. Aurten, nekazaritza azokaren 41. aldia izango da, eta, urtero bezala, barazkiz, frutaz, gaztaz, ogiz eta abarrez beteko da herria, bihar.

«72 ekoizleren eta baserritarren postuak jarriko dira aldi honetan: Nafarroako lau postu, Arabako 11, Gipuzkoako 24, eta Bizkaiko 34», azaldu du Lejardik. Hark nabarmendu duenez, zero kilometro filosofia sustatzea da azokaren helburua, tokian tokiko produktuei balioa emateko: «Kontzientzia piztea, kalitateaz jabetzea edota tokiko produktuen salmenta bultzatzea dira helburuak». Tokian tokiko produktu horietako batzuk dira gazta, ogia eta barazkiak; kultura zinegotziak dioenez, «arrakasta handien duten produktuak». Hori dela eta, 72 postuetatik gehienek produktu horiek edukiko dituzte salgai: ogiz betetako 21 postu, askotariko gaztaz betetako 19 eta barazkiz betetako 17 postu egongo dira. Elikagai horiez gain, bestelako produktuak dituzten postu andana izango da.

«Ekoizleek eta baserritarrek esaten dutenez, San Andres azoka liderra da, 11:30erako guztia salduta izaten dute ekoizle batzuek, eta 10:00etarako jendez lepo egoten da azoka», kontatu du Lejardik. Bat dator Loizola baserriko ekoizlea ere. Urtero bezala, postu bat jarriko du San Andres azokan, eta, azaldu duenez, «erostera etortzen da jendea, eta oso ongi saltzen da». Barazkiak dira Loizola postuko osagai nagusia; azaren familiako barazkiak, batez ere. Horiez gain, hiru sagar mota, intxaurrak eta babarrun gorri eta beltzak jarriko dituzte. «Guretzat berezia da norberaren herrian produktuak erakustea eta saltzea», aitortu du ekoizleak. Goizean goiz abiatuko dira etxetik, 06:00etan, jendea biltzen denerako prest egoteko.

Egun osoko jaia

Ekoizle eta baserritarrentzat ez ezik, inportantea izan ohi da herritarrentzat ere. «Urte osoan espero duten egun berezi bat da», adierazi du Lejardik. Egun osoko jaia denez, goizetik dute giro bizia herritarrek. Urtero egitarau antzekoa osatzen dute: goizean goiz hasten da jaia, 09:30 aldera, eta azokara joan ondoren ere egon ohi da zer ikusi eta zer entzun. Bertsolariak eta trikitilariak entzuteko aukera izango da 12:00etan; eta, jarraian, kalejira egingo dute Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako kideek. Gauean, EH Sukarra taldeak kontzertua emango du Untzaga plazan, 23:00etan. Eibartarrak dira taldeko kideak, eta aurten 30 urte bete dituzte musikaren munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.