Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Erronka partikularra

2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Luis Barcenasen semearen Taburete taldeak Ken Zazpiren Ilargia kantatu du Gasteizen. Vox alderdiaren Gipuzkoako adarrak inposaketarik gabeko euskara aldarrikatu du Ahobizi txaparekin. ETB1en bi ataleko saio berezia eskaini dute. Mezu epikoak, aurpegiratzeak, eztabaida-ez-berriegiak eta zer pentsatua ematen duten testigantzak biderkatu dira han eta hemen. 500 bat kilometroko distantziatik begiratuta, hala dirudi: Euskaraldia ari da bere bidea egiten. Zer itxura du Eskoziatik, Miren?

Bartzelonan eta pisukide italiarrarekin bizita, ez da erraza edozein txapa burgoiki luzitzeko adina meritu pilatzea. Euskaraz entzuten nauenean harrituta begiratzen nau; ez omen du, sikira, zerbait ona, txarra edo neutrala esaten ari naizen antzematen. Euskaraldia egokitu eta Katalanaldia bihurtzeko saiakeran ere ari naiz, baina ahobizi izatera iritsi gabe. Ez da nahikoa nire ekidistantzia zuritzeko.

Erruaren zama desatsegina arinduko didan erronka partikularraren bila nenbilela, Melissa pisukideak eman dit erantzuna. Beste horrenbestetan bezala ordenagailuari itsatsita topatu nau, artikulu hau idazteko ahalegin betean. Ohiko ahots atseginaz galdetu dit ea oraingo honetan zein putzutan sartuko naizen. Ahal bezain zehatzen —eta hala ere, ez zehatzegi— eman diot nire asmoen berri, Euskaraldiaren deskribapen eta guzi. Harritu eta argitu egin nau bere erantzunak: «Euskarari buruz? Berriz?».

Zer nahi duzue esatea; ez zaio arrazoirik falta. Telebista kritika etiketapean, euskarari egiten zaion —edo egiten ez zaion— tokiari eskaintzen dizkiogu, gutxienez, bost zutabetik bi. Asko esaten du horrek ETBz, asko gure amorruez eta frustrazioez. Hain da egoera bestelakoa, nahita ere ia ezin gara aritu alboko hizkuntzetako edozein -lari edo -gile aritzen den bezain natural, bezain oharkabe. Baina bada txokora kondenatzen gaituen tranpa hori gainditzeko garaia: euskarazko hizketagai nagusia euskara bera izango bada, erruz aspertuko gara. Jai daukagu.

Horixe, beraz, nire Euskaraldiko erronka partikularra: hamaika zutabe estatu bat eta taxuzko ikus-entzunezko eskaintza duen edozein hizkuntzatan aritzen den telebista kritikari batek egingo lukeen bezala; hamaika zutabe erreparatu (behar izan) gabe horren frustrantea eta neketsua den ditxosozko hizkuntza politikari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.