Eskubide urraketak, karrikatik auzitegira

Jaka Horien mugimenduak hainbat eskubide urraketa salatu ditu b Protesta egingo dute bihar Baionan, «borroken bateragarritasuna» aldarrikatu eta Paxi Etxepareri ezarritako debekua gaitzesteko

Jaka Horien protesta bat, Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Jaka Horien mugimendua hasi zenetik 11 hilabete joan dira. Larunbat guztiz mobilizatu dira 2018ko azaroaren 17az geroztik, eta 47 akta egin dituzte orain arte. Mugimenduak errepresio handia pairatu du karriketan. Urtebetez Frantziako Poliziaren armek eragindako zaurituen kopurua azken hogei urteotakoaren parekoa izan da. Errepresioa karrikan molde fisikoan jasan dute. Baina auzitegietan ere bai, lege dispositibo berri batzuen bidez, abisu, isun eta kondenak burrustan heldu baitira. Atxilotu batek baino gehiagok salatu du eskubide urraketak jasan dituela; tartean, G7koen goi bilerako garaiko atxilotuek eta Paxi Etxepare jaka hori lapurtarrak.

Etxepare, iraileko azken larunbatean egindako manifestaziora hurbiltzean, kontrolatu, miatu eta atxilotu zuten poliziek. Atxiloaldian eduki zuten 29 orduz, eta fiskalak sei hilabetez Parisen egoteko debekua ezarri dio, abisu batekin batera. Salatu dute Etxepareri atxiloaldian abokaturik ez zitzaiola eskaini, eta familiari deitzeko aukera ukatu zitzaiola. Euskal Herrira itzultzean, Laurence Hardouin abokatuarengana jo zuen bere egoeran zer egin zitekeen galdetzeko. Abokatuak horrela azaldu dio BERRIAri: «Jaso duen abisua izenpetu behar izan du atxiloalditik ateratzeko. Horrek molde bihurrian eragiten du leporatzen zaiona onartzen duela. Eta jaso duen lurralde debeku zigorra ere adierazgarria da. Estatuarentzat manifestazio eskubidea murrizteko manera bat da».

Harekin bat egin du urte osoan jaka horien defentsan aritu den Raphael Kempfek, Parisko Auzitegiko abokatuak. Estatuak mugimendua «hausteko» baliatzen duen estrategiaz mintzo da hura: «Atxiloaldia eta zuzenbide penala desbideratzen dituzte ordenaren atxikitzearen izenean».

Kempfen arabera, «estatu autoritario» baten seinaleak dira desbideratze horiek, eta justiziaren eta estatuaren arteko harremanak ere kezkatzen du. Lege batzuen bidez, borondate politiko bat aplikatzen du estatuak, haren ustez: «Herritarren eskubideak murrizten doaz. Denbora berean, fiskaltzari eta Poliziari botere handiagoa ematen zaie».

Lege «okaztagarriak»

2010ean, bortizkerian aritzeko asmoz sorturiko talde bateko kide izatea delitu bilakatu zen. Jaka Horien mugimenduan eta G7ko goi bileraren garaiko protestetan jende anitzi egotzi zaion delitua da. Apirilean, istiluen kontrako legea baieztatu zuen Frantziako Estatuak —burua estaltzea delitutzat dauka, besteak beste—. Kempfek azaldu du Polizia sindikatuen presiopean onartu den legea dela. «Okaztagarritzat» dauzka lege horiek, eta tradizio luze baten ondorio direla dio: «Estatuak tresna errepresibo bat martxan ezarri du Poliziaren lana erraztuz mugimendua murrizteko asmoz».

Hardouinek nabarmendu du beldurraren bidez baieztatzen direla mota horretako legeak: «Larrialdi egoera terrorismoaren aurkako borrokaren bidez justifikatu duten bezala ari dira jokatzen mugimendu sozialarekin».

Jaka Horiek 48. ekitaldia egingo dute bihar. Baionan, Xaho plazan elkartuko dira (14:00), «borroken bateragarritasuna» aldarri.

«Bost orduz eduki naute auzitegian esplikaziorik eman gabe»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.