Ehunka hektarea baso erre ditu suak

Zuberoa eta Bizkaian izan dira sute larrienak: 350 hektarea erre dira Basabürüan, eta 150 Muskizen. Nahita piztutakoak izan dira denak. Gizon bat hil da Araban, suak erreta

Muskizko sutea, atzeko aldean Petronorren findegia eta herria ikusten direla. BIZKAIKO SUHILTZAILEAK.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Asteburua gogorra izan da Euskal Herriko mendi eta basoetan. Ia herrialde guztietan izan ziren suteak igandean, bereziki Zuberoan eta Bizkaian. Nahita piztutakoak izan direla uste du Poliziak. Araban, gizon bat hil da, suak harrapatuta: Villanuevan izandako sutea itzali ondoren, 19 urteko gazte baten gorpua topatu dute pinudi bateko txabola baten inguruan.

Zuberoako Basabürüa eskualdean, 350 hektarea inguru erre dira. Jean Pierre Mirande Departamenduko kontseilari eta SDIS larrialdi zerbitzuko buruaren arabera, laborariek ez dituzte piztu. «Kriminalek» piztu dituztela esan du, Prefekturak debekua jarria zuelako haize gogorragatik. Hain zuzen, departamentu osoan hamabost lagun atxilotu ditu Poliziak, sua pizteagatik. Auzibidea irekiko dietela iragarri dute.

Mendian piztu zen sua, igandean, 21:00 aldera. Ligi-Athereiko etxaldeetara hurbildu zen azkar, eta horrek suhiltzaileen lana zaildu zuen. Bi etxalde hustu eta bost ureztatu behar izan zituzten. Kalte materialak eragin ditu suak, baina ez da etxerik erre, eta ez da inor zauritu.

Muskizen (Bizkaia) izandako sutea ere nahita piztutakoa izan zen. Ingurua aztertu eta lekukoei galdeketa egin ondoren, Ertzaintzak ez du zalantzarik. Sua piztu duenaren bila dabiltza. Azken balantzearen arabera, 150 hektareatik gora erre dira, eta ia hogei ordu behar izan dituzte itzaltzeko.

Pobeña, La Rigada eta Carrascal auzoetan izan du eragina; bereziki, azken horretan. Izan ere, bertako bizilagunei etxeak uzteko eskatu zieten, badaezpada. Muskizko kiroldegian lotarako lekua prestatu zieten Gurutze Gorrikoek, baina azkenean ez zuen inork han pasatu gaua.Denak itzuli ziren etxera. Ez da kalteturik egon. Lanabesak gordetzeko etxola bat eta negutegi bat baino ez ditu erre; etxebizitzarik ez.

«Umeak senide batzuenera eraman genituen, eta gu etxera itzuli ginen, animaliak askatu behar baziren ere», kontatu du Josune Fernandezek. Carrascalen bizi da, senarrarekin eta seme-alabekin. Indusketa enpresa ere bertan dute. «Zorionez ez dugu batere kalterik izan». Ez ziren ohartu zelan piztu zen sua. Bat-batean eukalipto erre usaina nabaritzen hasi zirela gogoratu du. Gero dena kez bete zela esan du.

«Urduri egon gara, noski. Sua gertu ikusten genuen. Baina beldurrik ez dut pasatu. Berehala etorri ziren suhiltzaileak: diputaziokoak, Bilbokoak, Castrokoak [Kantabria, Espainia] eta Petronorrekoak. Ertzainak eta udaltzainak ere hemen ibili ziren. Eta boluntario piloa gerturatu zen. Hainbeste jende ikusita, asko lasaitu ginen». Haize bolada bortitzek kea iluna euren etxerantz bideratzen zuenean larritzen zirela esan du.

Sua, han eta hemen

Euri faltagatik lehor daude basoak, eta igandean hego haizeak zakar jo zuen. Bizkaiko foru suhiltzaileen buru Carlos Uriagerekaren esanetan, horrek lagundu zuen sua azkar zabaltzen. Haizeak lagundu zuen itzaltzen ere. «Gauerdia pasata haizeak norabidez aldatu du hego-mendebaldetik, ipar-mendebaldera. Horrek asko erraztu digu lana», azaldu du Carlos Uriagereka Bizkaiko foru suhiltzaileen buruak. Atzo, ingurua zaintzen igaro zuten eguna basozainek.

Keagatik AP-8 autobidea eta N-634 errepideak itxi egin behar izan zituzten, Bilborako norabidean. Nahiz eta sare sozialetan sua Petronorren findegitik gertu zegoela ohartarazi zuten hainbatek, Muskizko Udalak ukatu egin du. Ez zela batere arriskurik egon esan du Borja Liaño alkateak.

Oro har, egun zaila izan zuten Bizkaiko suhiltzaileek. Besteak beste, Galdakaon, Getxon, Amoroton, Trapagaranen, Lemoizen eta Igorren izan zen sua. Azken bi horiek lanak eman zizkieten, berpiztu egin zirelako.

Eibarren (Gipuzkoa), Barrenetxe inguruko basoetan izan zen sua, eta, badaezpada, zortzi baserri hustu zituzten. Nafarroan, guztira, 11 sutetan esku hartu behar izan dute suhiltzaileek: Azpilikuetan, Oizen, Donezteben, Ezkurran, Tuteran, Cascanten, Donamarian eta Zubielkin aritu ziren igandean; Lesakan eta Beran, atzo ere lanean jarraitu zuten, sua erabat itzali ezinik. Kalteak zenbatzen ari diren arren, suhiltzaileek esan dute Lesakan erretako hektareak asko direla.

Gaur berriro ere hegotik joko du haizeak, zakar. Ez du euririk egin. Beraz, sute arriskua dago ostera ere. Abisu horia dago Euskal Herri osoan, eta sua pizteko debekua jarri dute berriro ere.

Mendiko suak, eztabaidan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.