Gustuko tokian aldaparik ez

Valverde izan da nagusi Mas de la Costako igoeran, eta Lopez Espainiako Vueltako lider jarri da, hirugarrenez. Ion Izagirrek, Rodriguezek eta Nievek oso etapa ona egin dute
Alejandro Valverde garaipena ospatzen, atzo, Mas de la Costan.
Alejandro Valverde garaipena ospatzen, atzo, Mas de la Costan. JAVIER LIZON / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko abuztuak 31
Gutxik egin diezaiokete aurre Alejandro Valverderi (Movistar) pendiz handiko igoera laburretan. Espainiarra hazi egiten da errepidea tentetu eta mendateak horma bihurtzen direnean. Fleche Wallonen, Huyko igoera ezagunean, adibidez, hamaika bider ezarri du bere legea. Bada, atzo beste horrenbeste egin zuen Mas de la Costan —lau kilometro eta %12,3ko pendiza—, Espainiako Vueltako zazpigarren etapan. Valverdek Nairo Quintana (Movistar), Primoz Roglic (Jumbo) eta Miguel Angel Lopezekin (Astana) egin zuen igoera, eta, helmugatik 150 metrora egindako erritmo aldaketarekin, atzean utzi zituen. Lopezek, berriz, Dylan Teunsen (Bahrain) hondoratzea probestu zuen hirugarrenenez lasterketako lidergoa eskuratzeko.

Kolonbiarrak lehia estua izango du Quintana, Valverde eta Roglicekin. Lau txirrindulari horiek gainontzekoen gainetik daude nabarmen, Javalambren eta Mas de la Costan ikusi ahal izan denez. Atzo, apenas izan zen tarterik haien artean, Quintana behin eta berriz saiatuagatik. Azkenean, denbora berean helmugaratu ziren Valverde eta Roglic, eta sei segundora Lopez eta Quintana. Gainontzeko hautagaiek, ordea, dezenteko atzerapena izan zuten: 46 segundora iritsi zen Rafal Majka (Bora), 51ra Tadej Pogacar (UAE) eta Fabio Aru (UAE), 1.37ra Esteban Chaves (Mitchelton) eta 1.48ra Wilco Kelderman (Sunweb).

Horrekin batera, nabarmentzekoa izan zen euskal herritarren jarduna. Izan ere, hamar onenen artean sartu ziren Ion Izagirre (Astana) eta Oscar Rodriguez (Euskadi-Murias). Gipuzkoarrak ez du Vuelta hasiera samurra eduki, baina suspertu egin zen atzo, eta seigarren bukatu zuen etapa, irabazlearengandik 48 segundora. Nafarrak, berriz, atzetik aurrerakoa egin zuen, eta hamargarren izan zen, 1.20ra. Mikel Nievek ere (Mitchelton) bazuen indarra, baina, aurrera egin beharrean, Chaves taldekidearen alboan gelditu zen. Hamalaugarren izan zen azkenean, 1.37ra.

Hala, gori-gori dago maillot gorriaren borroka. Izan ere, minutu erdi eskaseko tartean daude lehen lau sailkatuak: Lopezengandik sei segundora dago Roglic, hamaseira Valverde, eta 27ra Quintana. Majka da bosgarren, 1.58ra. Nieve da euskal herritarrik onena, hamabigarren, 4.01era.

Oilarrek lasaiago hartu ahalko dituzte gauzak gaurko etapan, zailtasun txikikoa baita. Mendate bakarra igo beharko dute: Bigarren Mailako Monserrat —7,7 kilometro eta %6,7—. Helmugatik 28 kilometrora du gaina, eta han apur daiteke eguneko ihesaldia, helmugara iristeko aukera dezente izango duena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria