Frantziako Tourra

Gala jantzia du lan atorraren azpian

Van Aertek irabazi du Tourreko bosgarren etapa, taldearen baimena baliatuta. Yates da lider berria, Alaphilippek zigorra jaso baitu bidoi bat arauz kanpo hartzeagatik

Gala jantzia du lan atorraren azpian.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Bizikleta gainean, dena egiten du ongi Wout van Aertek (Jumbo Visma). Ziklo-krosean nahi adina irabazi ostean, errepidean beste horrenbeste egiteko bidean da. Indar betean itzuli zen etenalditik, Milan-San Remo, Strade Bianche eta Dauphineko lehen etapa irabazita. Eta atzo, Tourreko bosgarren etapa eskuratu zuen, esprintean. Klasikozale bikaina eta erlojuaren aurkako espezialista izateaz landa, gai da ziklistarik azkarrenei buruz-buru irabazteko, eta halaxe egin zuen atzo. Amaiera aukerakoa zen harentzat, goranzko joera baitzeukan, eta ez zuen hutsik egin. Cees Bolen (Sunweb) gurpila hartu zuen, eta aurreratu egin zion azken metroetan. Flandiarrak, beraz, bikain baliatu zuen taldeak emandako askatasuna. Beharrera joan da Tourrera, baina, laneko atorraren azpian, gala jantzia darama.

Ihesaldirik gabeko eguna izan zen. Gatzik gabeko ogia bezalakoxea. Eta, gezurra badirudi ere, lider aldaketa izan zen sailkapen nagusian. Izan ere, Julian Alaphilippek (Deceuninck) hogei segundoko zigorra jaso zuen, azken hogei kilometroen barruan bidoi bat hartzeagatik. Hori horrela, maillot horia Simon Yatesek (Mitchelton) du orain soinean.

Ziklistek txango bihurtu zuten Gap eta Privas arteko 183 kilometroko etapa. Faboritoen taldeek haizearen kezka zuten, mistralak indarrez jo baitzezakeen azken zatian. Hara iritsi aurretik, gauzak lasai joatea komeni zitzaien. Edonola ere, harrigarria izan zen ihesaldien bidez soilik distira egin dezaketen taldeen lasaikeria. Kasper Asgreen (Deceuninck) eta Tomas De Gendt (Lotto Soudal) izan ziren alde egiten saiatu ziren bakarrak, baina imintzio hutsalak izan ziren.

Montelimar igaro ostean tentetu ziren belarriak tropelean. Bizitu egin zen erritmoa, eta aurrean agertu ziren hautagai nagusien taldeak. Triskantza eragitea bainoago, deskalabrurik ez izatea zen helburua. Azkenean, ez zen esperotako borrokarik izan. Haizea ez zen lasterketa apurtzeko adinakoa. Ineosek estutu egin zuen, azken hamar kilometroetan sartuta, eta luzatua eman zion multzoari, baina apenas izan zen etenik, eta ez zuen aurkaririk itsumustuan harrapatu.

Akuilu etapa ehiztarientzat

Azken kilometroak goranzko sasi ordekan ziren, eta hori akuilua izan zitekeen ehiztarientzat. Haatik, Michael Schar (CCC) izan zen urrutitik abiatu zen bakarra, helmugatik bi kilometrora. Ahalegina indargea izan zen. Sunwebek bikain bideratu zuen esprinta, lau txirrindulari buruan jarrita. Mugimendu bakoitza behar zen unean egin zuen, baina azkena izaten da zailena, errematea. Eta Bolek kale egin zuen. Ez esprint eskasa egin zuelako; aurkari ahaltsua izan zuelako baizik. Zabalera egin, eta, azken metroetan, gailendu egin zitzaion van Aert.

Beste inor ez zen sartu garaipenaren borrokan. Caleb Ewanek (Lotto Soudal) aukera ederra zuen bigarren etapa bat eskuratzeko, baina gaizki kokatuta iritsi zen amaierara. Atzo, ezin izan zuen atzetik aurrerakorik egin. Peter Saganek (Bora) ere ez zuen abagune makala, baina ahalmena falta izan zitzaion. Eslovakiarrak maillot berdea galdu zuen: atzo, hirugarren izan zen, Sam Bennetten (Deceuninck) mesedetan.

Igotzaileek patxadaz bizi izan zuten atzoko etapa, baina adi ibili beharko dute gaur, Mont Aigoualen amaitzen den etapan. Mendate etzana da (8,3 kilometro eta %4ko pendiza), baina, aurrez, Lusette gogorra igo beharko dute (11,7 kilometro eta %7,3). %13-14ko aldapak eta %10eko batez bestekoa duten hiru kilometro ditu. Hori gutxi ez, eta, gainean, gainsariak izango dira.

Lehen 142 kilometroetan, ordeka besterik ez dago, baina errepidea tentetu egingo da hortik aurrera. Hasteko, hirugarren mailako bi mendate igoko dituzte, eta gero iritsiko da lehen mailako Lusetten txanda. Toki aproposa izan daiteke lasterketa mugitzeko eta onenen artean indarrak zertan diren ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.