Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Kredituak

2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Bi pertsona mota daude: mundua bi pertsona motatan bana daitekeenik uste ez dutenak, batetik; eta formula ezin erabiliago hori baliatzen jarraitzen dugunak, bestetik. Behin bigarren multzo horretan kokatuta, irmo egin dezaket ondoko baieztapena: —ikus-entzunezkoei dagokienean— bi pertsona mota daude, eta kredituak dira bi multzoak banatzeko baliatu beharreko irizpidea. Edo hobe esanda, kredituei eskaintzen dioten arreta maila. Lehen taldekoek filma kentzen dute edo zinematik irteten dira aktoreen azken eszena amaitu orduko. Marraren beste aldean daudenek, ordea, pantailari begira jarraitzen dute baita seigarren argiztapen laguntzailearen izena erakusten denean ere.

Kredituek berdin balio dute streaming plataformak multzokatzeko. Batzuentzat ez dira ikuslearen arreta mantentzeko ahalegina zapuzten duen luzapen deserosoa besterik. Netflixek, esaterako, hurrengo atalera egiten du jauzi kredituak agortu aurretik, baita ikusleak «ikusi hurrengoa» botoia zapaltzen ez badu ere. Gauza bertsua egiten du HBO Maxek: lehen hamar segundoan ageri diren izen potoloak soilik ikus daitezke. Bada salbuespenik: Prime Videon, esaterako, ikusleak salto egitea erabakitzen duenean soilik eteten dute izen-abizen segida.

Telebista tradizionalerako ere izan daiteke iragazki baliagarria. Baina aitor dezagun, saio gehienek ahal bezain tarte fisiko eta tenporal gutxien eskaintzen dizkiote lantaldeko kideak aurkezteari. Askotan eteten dituzte dokumental edo filmen kredituak, eta ohiko saioetan, pantailaren beheko lerroetan eta abiada bizian igaro ohi dira izenak. Nork daki zein den Ur handitan-en erredaktoreen izena? Inork esan dezake Artefaktua-ren kamerariak nortzuk diren?

Egiletza ezkutatzea da telebisten joera, eta dagoen informazio apurrari ez erreparatzea ikusleona. Zer diote, ordea, izen-abizen horien jabeek? Haien artean ere, bi multzo bereiziko ditut: egindakoaz harro daudenek etsipenez onartuko dute euren patu anonimoa, eta sinetsiko dieten esperantzan, curriculumean jarri. Besteek lasaitu ederra hartuko dute, saioan gertatutako horrengatik kargu hartuko dion lagun edo ezagunik izango ez dela jakinda. Erreakzio batek zein besteak telebistaren kreditua edo izen ona zalantzen jartzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.