Jaurlaritzak dio etorkin guztiei arta emateko moduan dela

104 migratzailek igaro dute gaua Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan. Jaurlaritzaren arabera, «hurbildutako denek» jaso dute arreta

Jone Bastida Alzuru.
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Azken egunotan, muga zeharkatu eta Frantziako Estatura pasatu asmo duten migratzaileak pilatzen ari dira Irunen (Gipuzkoa), eta egoerari erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak kontingentzia planaren bigarren fasea aktibatu zuen larunbatean. Atzo emandako datuen arabera, astelehen gauean 104 migratzaileri eman zieten ostatu Irungo eta Hondarribiko aterpetxeetan, tartean hamasei emakumeri eta hiru adingaberi.

Zehazki, Gurutze Gorriak kudeatzen duen Irungo aterpetxean 62 pertsonak pasatu zuten gaua; 30 lagun jaso zituen Irungo erromesen aterpetxeak, eta Hondarribikoak, beste hamabi. Igande gauean baino migratzaile gehiago artatu zituzten, beraz; orduan, 98 etorkini eman zieten aterpea.

Jaurlaritzak adierazi du «edozein egoeratara» moldatzeko moduan dela; hots, migratzaile gehiago iritsiko balira ere erantzun egoki bat emateko nahikoa baliabide dituela. Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariaren esanetan, martxan jarritako baliabideekin, «migratzaile guztiei» eman diete arta. Era berean, adierazi du sor daitezkeen egoeren aurreikuspena egin dutela, eta zenbait espazio prest dituztela etorkinen jarioari behar bezala erantzuteko».

Migratzaile ugari iritsi dira azken egunotan Irunera, eta iheslariei aterpea emateko zerbitzuak indartzera behartu du horrek Jaurlaritza. Asko Kanarietatik heldu dira, eta muga zeharkatzea dute asmo, migrazio ibilbidearekin jarraitzeko. Ordea, oztopo garrantzitsu batekin egiten dute topo: itxita dago muga, eta zorrotzak dira kontrolak. Horren ondorioz, migratzaile ugari pilatu dira Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Pandemiak ere izan du eragina. Belaskoenea aterpetxeak ehun bat lagunentzako lekua du, baina, COVID-19aren aurkako segurtasun neurrien eraginez, murriztuta dauka ohe kopurua.

Legarretak nabarmendu du migrazioaren fenomenoak existitzen jarraitzen duela. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren esanetan, Espainiako erakundeekin koordinazio eta komunikazio handiagoa izatea komeni da, migratzaileak hobeto artatzeko. EH Bildu, ordea, kritiko mintzatu da Jaurlaritzarekin, migratzaileak artatzeko «gaitasunik ez» duelakoan izan. Irunen izan eta etorkinekin mintzatu ostean, «kezka» agertu du koalizioak.

Grande-Marlaskaren oharra

Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Frantziako Barne ministroak Frantziari gogorarazi dio Schengen eremuan mugimendu askatasuna izatea «EBren printzipioetako» bat dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.