EHUk 2024ko irailean ireki nahi du Medikuntza fakultate berria, Bilbon

Basurtuko ospitalearen albora mugituko dituzte ikasketa nagusiak eta ikerketa taldeen erdiak. 52 milioi euroren inbertsioa egingo dute

Balluerka, Uriarte eta Darpon, atzo, fakultate berriaren egitasmoa aurkezten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Hamarkada baten ostean, tiraderatik atera dute EHUren Medikuntza eta Erizaintza fakultatea Leioako campusetik (Bizkaia) Bilbora eramateko egitasmoa. Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak atzo iragarri zutenez, 2024-2025 ikasturtean jarri nahi dute martxan fakultate berria. Basurtuko ospitalearen alboan egongo da, EHUrentzat gordeta zegoen lursail batean, eta 32.000 metro koadroko eremua hartuko du azpiegiturak guztira.

Datorren urtean hasiko dira proiektua idazten, eta espero dute obrak 2020ko amaieran abiatzea. 52 milioi euroren inbertsioa eskatuko dute lanek: Jaurlaritzak 45 milioi jarriko ditu azpiegitura eraikitzeko, eta EHUk zazpi milioi bideratuko ditu ekipamendua erostera eta tasak ordaintzera.

«Proiektu integral bat» hartuko du fakultate berriak, «formakuntza eskaintzea eta ezagutza sortzea helburu». Medikuntza, Erizaintza eta Fisioterapia gradu ikasketak eskainiko ditu EHUk Basurtun —Odontologia, berriz, Leioan geratuko da, baita osasun zientzietako sei master eta sei doktoretza programa ere. Hara mugituko dira, era berean, EHUk osasunaren eremuan dituen 34 ikerketa taldeetako hogei, eta ingeniaritza biomedikoko zentro aurreratu bat ere azpiegitura berrian ezarriko dute. Nekane Balluerkak nabarmendu du fakultatea unibertsitate ospitale baten alboan edukitzea «ezinbestekoa» dela sinergiak sortzeko.

Darponek aitortu du egitasmoak «zor historiko bat» kitatuko duela, eta fakultatea «gizartearen zerbitzura» egongo dela. Osakidetzako langileen erretiroarekin eta belaunaldi aldaketarekin lotu du: «Aukera emango du ikasle kopurua osasun sistemaren beharretara egokitzeko». Uriarterentzat ere «beharrezkoa» da azpiegitura berria: «Ekarpen handia egingo dio euskal gizartearen aberaste intelektual, ekonomiko eta kulturalari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.