Epaimahaiak gaur erabaki dezake Ibarri heriotza zigorra ezarriko dion

Epaimahaikideek aho batez hartu behar dute erabakia. Defentsak helegitea aurkeztuko du

Pablo Ibar, katez lotuta, epaiketaren asteleheneko saioan. GIORGIO VIERA / EFE.
Ion Orzaiz.
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Fort Lauderdaleko epaimahai batek (Florida, AEB) aurki erabakiko du Pablo Ibarri zer zigor ezarriko dion: bizi guztiko espetxealdia ala injekzio bidezko heriotza. 1994. urtean hiru pertsona hil izana leporatzen diote euskal jatorriko estatubatuarrari, eta ia hogei urte daramatza heriotza zigorraren mehatxupean. Ostiralean abiatu zen epaiketaren azken fasea, sententziari dagokiona, eta atzo egin zuten hirugarren saioa. Lekukoen testigantzak eta aldeen azken ondorioak entzunda, epaimahaiak gaur bertan eman dezake azken ebazpenaren berri.

Iragan urtarrilaren 19an, Fort Lauderdaleko epaimahai horrexek erruduntzat jo zuen Ibar. Hortaz, epaiketaren fase honetan ez dira eztabaidatzen ari auzipetua errugabea den —AEBetako justiziaren begietara, Ibar erruduna da jada—, baizik eta zer zigor ezarriko dioten: bizi guztiko kartzelaldia ala heriotza. AEBetako Auzitegi Gorenaren arabera, ebazpena edozein dela ere, aho batez erabaki beharko dute epaimahaikideek. Adostasunik ez bada, epaiketa berriz egin beharko dute.

Hori dela eta, defentsak azken egunetan erabilitako estrategia izan da deklaratzera deitzea Ibarren senideak, lagunak eta ezagunak, heriotza zigorrak haiengan izanen lukeen «eragin suntsigarria» azaltzeko: besteak beste, auzipetuaren 7 eta 12 urteko bi semeen oinarrizko eskubideen aurkakoa izanen litzatekeela argudiatu dute defentsa abokatuek. Helburua da gutxienez epaimahaikideetako batek atzera egin eta adostasuna apurtu dezala.

Epaimahaiak aho batez heriotza zigorraren alde eginen balu, Dennis Bailey epailearen esku legoke zigorra arintzea, baina Ibarren defentsak ez du konfiantza handirik Baileyrengan. Abokatuek behin baino gehiagotan salatu dute epaileak berariaz egin duela auzipetuaren interesen aurka. Are: epailearen izendapena ezesteko eskatua du defentsak, partzialtasuna egotzita —Baileyren emazte ohiak fiskaltzarekin lan egin zuen Ibarren kontrako lehen epaiketan—. Herenegungo saioan, Pablo Ibar bera zutitu eta Baileyri zuzendu zitzaion: «Nire kontra ari zara», aurpegiratu zion.

Helegitea aurkeztuko dute

Sententzia edozein dela ere, Pablo Ibarren abokatuek iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela, epaiketa osoa «irregulartasunez betea» egon dela argudiatuta. Heriotza Zigorraren Aurkako Pablo Ibar elkarteko presidente Andres Krakembergerren esanetan, hau ez da prozesuaren bukaera, «baizik eta beste iraupen lasterketa baten hasiera».

Ibarrek 46 urte ditu, eta ia 25 urte daramatza preso; horietatik gehienak, heriotzaren korridorean. Epaimahaiak 1994an Floridan izandako hiru hilketaren errudun egin zuen. Gau klub baten jabea eta bertan lanean ziharduten bi emakume hiltzea egotzi zioten. Hura gertatu eta hamazazpi egunera atxilotu zuten, droga trafikoarekin loturiko liskar batean.

Ibarren aurkako akusazioan giltzarri izan dira hilketa izan zen lekuan zeuden segurtasun kameren grabazioak. Defentsaren eta FBIko perituen arabera, ordea, irudiok erabilita ezin da hiltzailearen aurpegia ziur identifikatzen ahal, eta bideoaren zati batzuk auzibidean «galdu» dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.