Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Polizia ugari...

2020ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Albiste pozgarria zabaldu zuen joan den astean Euskal Telebistak: Hondar ahoak fikziozko telesaila estreinatuko da ETB1en udazkenean; lau atal izango ditu, Koldo Almandozek zuzendu du, eta aktore nagusiak Nagore Aranburu, Eneko Sagardoi, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Ainhoa Artetxe eta Iraia Elias dira.

Zer pentsatua eman dit telesailak izango omen duen argumentuak: «Thrillerretan eta zinema beltzean ohikoak diren elementuak biltzen dituen intrigazko istorio bat» izango du kontagai. «Trama nagusia euskal kostaldeko herri batean garatzen da, arrantza portu garrantzitsu baten inguruan. Itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin batera hasiko da istorioa».

Batetik, etsigarria iruditu zait hori jakitea; bestetik, pozgarria.

Etsigarria iruditu zait pentsarazi didalako laster ezinezkoa izango dela telebistan molde bateko edo besteko polizia batekiko enpatia eta sinpatia pizten ez duen fikziorik ikustea, telesailen erdiak baino gehiago eskema nagusi jakin batean oinarrituta eginak baitira: hildako bat —edo desagertu bat, kasu honetan bezala— eta edozein ikuslerentzat ulergarriak, enpatikoak, diren arazo pertsonal aski dramatiko batzuei aurre egiten ari zaien polizia-inspektore buru-argi eta onesta.

Ikusi egin beharko da, litekeena da gero telesailak berak aldez aurreko espektatiba hori deuseztatzea, baina ez dirudi Hondar ahoak salbuespena izango denik, argumentuaren aldetik. Bai, ordea, hizkuntzaren aldetik, eta horregatik zait pozgarria Euskal Telebistak eman berri duen albistea. Arazo pertsonalek zein ikertutako kasuek zaldutako eta oinazetutako milaka polizia-inspektoreren artean bat euskalduna izango dugu behintzat, eta gainera —horretaz ez dut inolako dudarik— aktore bikain batek zuzendari bikain baten eskutik eta lantalde bikain batek babestuta gorpuztuko du istorioa.

Nemesio Etxaniz apaiz eta idazle azkoitiarra ekarri didate gogora gogoeta horiek. 60ko hamarkadan senperrenak jo zituen, haize kontra kasu askotan, euskarari garai hartako gazteen artean nagusitzen ari zen musikarekin lotzeko bideak zabaltzen. Nemesio Etxanizen omenez topa eginez egingo diot ongietorria, beraz, Hondar ahoak telesailari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.