Manu Merino. Real Madrilek Txinan daukan futbol eskola bateko zuzendaria

«Oinarrian gastatu beharko lukete dirua Txinan»

Urte eta erdi darama Txinan lanean Manu Merino entrenatzaile donostiarrak, Real Madrilek Guangzhou Evergrande taldearekin abian jarritako eskolan. Ez zaio iruditzen hango futbola benetan ari denik indartzen. «Fitxaketa garestien kontua kea besterik ez da», aitortu du.

Aitor Manterola Garate.
2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
«Lan egiteko leku paregabea da, dena daukatelako ikasteko futbolean, baina txarrena da etxetik eta etxekoengandik oso urruti nagoela», dio Manu Merinok (Donostia, 1967). Entrenatzaile da Real Madrilek Guangzhou hirian duen eskolan.

Nola dago antolatua eskola?

2.000 ikasle dauzkagu: jokalari onak 200 dira; besteak ikasteko daude. 100 talde dauzkagu eskolan. Astean lau aldiz entrenatzen dugu, ordu eta erdi, eta lehiaketa leku batzuetan izaten da: herrialdeko talde guztiak elkartu, eta hilabetez, hiru astez edo lehiatzen gara, federazioak antolatuta. Superligako hamasei taldeak eta eskolak dituzten hamabost bat talde elkartzen gara. Baina urruti gaudenez bata bestetik, leku batean elkartzen gaituzte, eta hamabost egunean zortzi partida jokatzen ditugu. Esan diet hori ez dela bidea, atsedena ere garrantzitsua dela, baina ez dute ulertzen. Txapelketak gertukoen artean antolatzen hasi beharko dute. Gu sei talde gaude probintzian. Federazioa hasita dago hori antolatu nahian, eta bidaia luzeak ez egiteko bidea hori da.

Pentsamolde egokia al dute Txinako gaztetxoek futbolerako?

Ondo entrenatzen dira. Oso esanekoak dira, baina ez daukate taldeko izaerarik. Ume bakarrak dira etxean, legeak behartuta, eta familiako oinordeko bihurtu ziren; bizi iraupenean hezi dituzte, eta ni besteen aurretik. Banaka lehiatzen oso onak dira, baina taldeka, ez; ez daukate heziketarik horretarako. Nire taldekoek gola sartzen zutenean, denek ez zuten ospatzen hasieran: «Nik ez dut sartu, besteak sartu du: nik ez dut ospatuko, zurea da arrakasta».Horrek jokoan dauka eragina: ez dute elkar hartzen, bakoitzari baloi bat ematea bezalakoa da. Mentalitateak ez die laguntzen futbolerako, oso itxiak eta lotsatiak direlako. Galdetu jokalariei zer moduz partida, eta erantzunik ez, keinuak bakarrik, burua mugituz.

Zein da gurasoen jarrera?

Ez dizute taldeari buruz hitz egiten, beren semea bakarrik inporta zaie. Gurasoek ez dute etorkizunik ikusten futbolean. Seme bakarra dute, eta segurutik jo nahi dute. Uztar ditzakezu hemen eskola eta futbola, baina han ez dute ulertzen; ikusten badute semea ez dela ona futbolean edo ez duela jokatzen, segituan ateratzen dute eskolatik, eta horrela futbolari asko galtzen dira, pazientzia behar delako ateratzeko.

Ikusten al da futbola Txinan?

Telebistako kate nagusian, Alemaniako eta Ingalaterrako ligak ematen dituzte, eta, kate probintzialetan, Espainiako Liga eta Italiakoa. Hemen esaten da Txinan ikusteko-eta jartzen dituztela partiden ordutegiak, baina dena gezurra da, ez dute ikusten.

Benetan ari da indartzen futbola Txinan, edo Superliga bakarrik ari da sona hartzen?

Indartzen ari da, baina, antolaketan, hemen duela 40 urte bezala daude, batez ere oinarrizko futbolean, lehian eta abar. Superligakoak ondo dabiltza, dirua dutelako. Selekzioa da gakoa: arrakastaren bat lortuko balu, futbola hazi egingo litzateke. Hori nahi dute, baina gobernua ez da ari dirua jartzen, hemen esaten eta uste den bezala, laguntzen ari da. Enpresariei laguntzen die zelaiak ematen, kreditu malguak ematen... Gobernuak egin beharko lukeena da zelaiak egin eskoletan, ez baitaude. Ez badituzte egiten, ez da haziko futbola han. Kaleko futbola ere ez dago. Oinarrizko futbola hobetzeko bidea da. Esaten diet federaziokoei Hirugarren Mailak ere profesionala izan beharko lukeela, oinarrizko futbolari indarra emateko, 18 urteko jokalariei irteera emateko.

Lortuko al du Txinak potentzia izatea futbolean ere?

Pazientzia behar dute, denbora asko. Superligako fitxaketa aberatsena kea da. Gastatu beharrean dirutza oinarrian elitean gastatzen dute. Erakutsi dute herrialdea hobetzeko gai izan direla esparru ekonomikoan, eta gauza bera egiten ari dira futbolean, kopiatu nahi dute beste tokietakoa, baina esaten diet futbola ez dela horrela lantzeko zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.