Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Familia

2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Mendebaldeko hankabikoon ohitura zentzugabeen artean, zentzugabeenetakoa da negu hasieran fidelki errepikatzen duguna. Hamabost eguneko epean bi edo hiru bider elkartzen gara urte osoan ia ikusi ere egiten ez ditugun familiako kideekin. Aldiro gehiegi jan eta edanez, aldiro ohitura aldrebesa dela gogoratuz, eta, hala ere, urtero-urtero berdin. Zure familia nolakoa den, errepikapen atsegina edo sufrikario ia jasanezina izan daiteke. Bigarren multzoan bazaude, lasai. Pentsa okerragoa izan zitekeela; zure lehengusua izan zitekeela, nik zer dakit, Euskoterapia saio frustratua egin zuen Bocabeatseko kide bat, gaubela osoa pasatuko lukeena Gabon kanten gaztelaniazko bertsio dantzagarriak interpretatzen. Tokatu zaizuna tokatu zaizula, ez gehiegi larritu. Pasatuko da. Laster.

Familiarekin elkartzeak estimatu behar genukeen funtzio argitzailea betetzen du, gainera. Nor bere burbuilan eroso bizi denean, hautatutako lagunartean goxo eta mundutik aparte, arrotzak dira albistegietan ikusten diren berriak. Ulertezinak dira hauteskunde-emaitzak, ulertezinak diren bezala Elkar fundazioaren ikerketaren zifrak edo telebistako audientzia datuak. Ez sinestekoak, harik eta familiarekin elkartu arte.

Egokitutako lehengusina, suhi, osaba eta abarrekin batzean, kolpetik birkonektatzen baitu batek errealitatearekin. Ez dago senideekin mahatsak zein telebista kateri begira jango diren eztabaidatzea bezalakorik —gustatu edo ez— ondo ondoan ditugun bestelako munduez ohartzeko; egiaztatzeko norbere kezkak eta erreferenteak zein marjinalak diren.

Neronek asko estimatzen dut etxekoekin elkartu eta janari-bueltan gure gu-an zenbat gu dauden gogoratzea. Munduen arteko zubi-lanean aritzen naiz gehiegi sufritu gabe. Baina tarteka, etsigarria ere bada. Nire arnasgune propioetara itzuli behar izaten dut, hizketagai, gogo eta bizitza-ikuspegi bertsua duten bestelako familia zabalago batzuen bila. Datorren igandean, esaterako, Donostiako Alde Zaharreko Rekalde taberna den arnasgunea agurtuko dugu lagunartean. Penaz, haserre, baina pozik. Gure burbuilan, goxo. Telebistan toki gehiago merezi lukeen jendea bada han; baita dozena bat film eta telesail osatzeko adina istorio ere; baina ez dute telebistarik. Ez dugu zein kate jarriko dugun eztabaidatu beharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.