EKOGRAFIAK

Demagun

Lander Arretxea.
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Demagun aktorea zarela. Demagun aritu zarela antzerkian, film labur mordoxka batean, baita —bigarren mailako paperarekin bada ere—lan luzeren batean ere. Pozez alboratu zenuela etxeko batzuei egokiagoa iruditzen zitzaien beste lan hura. Ez zarela sekula damutu. Izan zenuela —halakorik bazen garaian— ETBren telesail batean trebatzeko aukera. Zurelehengusu eta sasi-lagunek paper hura gogorarazten dizutela oraindik.

Demagun garai onak eta ez hain onak tokatu zaizkizula. Uztartu behar izan duzula aktore jarduna bestelako lan batzuekin. Izan zarela irakasle, tabernari... Demagun makina bat aldiz tokatu zaizula doan egitea lan: batzuetan, zuk hala nahi zenuelako; beste askotan, kontaktuen, ikusgarritasunaren eta mesedeen izenean; ez zegoelako «gauzak egiten» jarraitzeko beste biderik.

Demagun azken boladan ez duzula egonkortasun apur bat emango dizun lanik aurkitu. Ez zaituztela garai bateko ekoiztetxeetatik aspaldian deitu. El Conquistador del Pacífico-ko castingaren bidez ez bada, ez duzula ETBn toki bat topatzerik. Antzerki lanetan belaunaldi berriagoetako aktoreak ari direla jo eta su. Haiek ikusita pozten bazara ere, ez dago denentzako lekurik. Demagun zine zuzendari batekin adostua zenuela bere filmeko protagonista izatea, baina proposamenak ez duela Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarik jaso.

Demagun aktore lanetan jarraitu nahi duzula, eta beste biderik ezean, Espainiara begira jarri zarela zu ere. Han bai, egiten direla, mendebalde osoan bezala, inoiz baino arrakasta gehiago duten telesailak. Demagun dozenaka casting egin dituzula. Aurrera egiten duzunean, soilik euskaldun estereotipatuaren azalean jarri nahi zaituztelako dela. Ez zaudela horrekin batere eroso, baina egin duzula hala ere. Instagrameko kontu bat behar izan duzula sortu.

Demagun eskaintza berri bat iritsi zaizula. Dirudienez, zure neurrikoa izan daitekeela. HBOk ekoitziko duen telesail baterako dela. Arrakasta badu, ate berriak irekiko dizkizula. Demagun telesail hori liburu saritu bezain polemiko batean dagoela oinarritua. Mariano Rajoyk txalotu duela. Euskal gatazkaren errelato jakin bat betikotzeko bidezidorra nahi duela izan. Demagun ezin duzula aspaldian Ruper Ordorikaren abesti hura burutik kendu. Nola zen? Zaindu maite duzun hori...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.