EKOGRAFIAK

Antzerkia Komunen Ganberan

Miren Manias -

2019ko otsailak 1
Aspaldi ez naizela antzerki obra bat ikusten egon. Baina asko gustatzen zaidan sormen lana da. Miresten ditut aktore onak. Hego Euskal Herrian adibide onik ez zaigu falta: bi esku baino gehiago beharko nituzke horiek zenbatzen hasiz gero. Ipar Euskal Herrikoak, aldiz, ez ditut hainbeste ezagutzen: zeregin horretan egiteko asko dugu, esango nuke. Segur aski, atzoko Ekografiak zutabean Lander Arretxeak nabarmendu zuen bezala, lan aukera gehiago ere beharko dituzte. Beraz, aukera gehiago sortu beharko genituzke haientzat. Esate baterako, ETBn.

Eskozian bizi ditugun negu gorriko egunotan —atzo ez zen zero azpiko bi graduren langa gainditu—, inoiz baino hobeto datorkigu antzerki pixka bat. Berotan sartzeko, hain zuzen ere. Erresuma Batuko telebistan aktore politikoak betetzen ari dira ordurik gehienak. Zehazki, Komunen Ganberatik iristen zaizkigun irudiak. Londresek munduko antzerki politikorik onena eskaintzen du: txikia, intimoa eta oso bizia. Aurretik jada ezaguna zen bertako giro sustagarria, baina brexit-aren prozesu zoroak osagai berriak erantsi dizkio ikustea ohituak geunden giro horri. Protagonistei ezinezko egin zaie antzerki politikoari ihes egitea.

Benetako giza harremanekin parekatuz gero, aldea handia da. Ingeles kultura, oro har, manera onak izategatik da ezaguna. Baina Komunen Ganberak, justuki, horren kontrakoa islatzen du. Please (mesedez) edota Excuse me (barkatu) bezalako adierazpenak nekez ikus-entzuten dira egunotan. Garrasien, irainen eta barre-karkaren trukea, aldiz, politikarien bazkari eta afari dira. Bertako espazioa, gainera, mugatua da. Mintzatzen ari zaion laguna aurrez aurre izan arren, hizlariak hirugarren pertsona erabiltzea arrunta da. Fikzio hutsa. Suposatzen dut ETBko fikzio arduraduna oso lanpetuta egongo dela. Bestela, Euskal Telebistako zuzendariak iaz agindu zigun euskarazko telesail berria programazioan ikusiko genuke honezkero. Agian ez. Beste arrazoi batek bultzatuko zuen proiektua atzeratzea. Demagun, ETB2ko El conquistador del Pacífico egiteko uste baino diru gehiago erabili dutela. Promozioan, adibidez? Momentuz hori ezin dugu jakin —kontuak Interneten argitaratzen dituztenean baizik—. Bitartean, Erresuma Batuko Komunen Ganberako antzerki politiko biziaz gozatzea ez dago hain gaizki.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna