Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Pilota, mugaz gaindi

2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Euskal pilota «Frantziaren eta Espainiaren artean dagoen lurraldearen nortasunaren zutabeetako bat» da, Arte kate frantses-aleman prestigiotsuaren ikuspegian. Hala ageri da François Reinhardten Pays Basque, lâme en pelote (Euskal Herria, arima pilotan, 2020) dokumentalaren sinopsian. Ellande Alfaroren eta Patxi eta Jon Tanburindegi anaien lekukotasunak dira dokumentalaren ardatz nagusia. Sarako pilotari ohia da lehena, pilotagilea gaur egun (iazko irailean Biba zuek! saioan elkarrizketatua); bi anaiak, berriz, Bidarteko zesta puntako jokalariak. Hego Euskal Herriko hedabideetan agerpen urria duten errealitateak erakutsiz ematen du pilotaren munduaren berri dokumentalak, eta Euskal Herriaren nortasunari lotutako kirol moduan aurkezten du une oro. Otsailaren 8ra arte dago ikusgaiArteren webgunean.

«Euskaldun askok ez dute onartzen Espainiako Erresuma eta Frantziako Errepublika bereizten dituen muga», dio off-eko ahotsak, irudietan Etxalarko eta Zugarramurdiko gazte batzuen arteko bote luzeko partida agertzen den bitartean, Ellande Alfaro epaile lanetan dela. «Haientzat, benetako mugak beren lurraldearenak dira. Zortziehun hildakotik gora eta preso politiko andana eragin dituen mende erditik gorako borroka armatuaren ondoren, independentzia, gaur egun, aldarrikapen baketsu baina tinkoa da». Ildo berekoa da, partidaren atsedenaldi batean, Alfaroren kamera aurreko mintzo patxadatsua: «Ez dugu bereizi nahi frantses naziotik, gure ikuspuntutik ez baikara inoiz haren parte izan». Xalbadorrek, Hego Euskal Herrian zela, frantses gisa aipatu zutelarik, emandako erantzuna dakar gogora: «Hemendik ez da frantsesik joanen, handik ez baita etorri».

Bitxia da —Hego Euskal Herriko ikuslearen begietara bederen— pilotari buruzko erreportaje batean, Euskal Herria mugaz bi aldeetara bizi dela aipatu arren, Hego Euskal Herriko frontoirik eta pilotaririk ezagunenak ez agertzea. Baina ez da hori harrigarriena, euskal independentismoaren agerpen libre eta naturala baizik. Espainiako telebista kate garrantzitsu batean, eta are ETBn ere, halakorik emango balitz, ez ote lirateke berehala hasiko bakarren batzuk espantuka gaitzespen eta debeku eske? Demokraziaren izenean, prefosta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.