Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Irrintzi bat entzun da atzeko zuloan

2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Eskolak espainiar gisa hezi ninduen garaian—EGB, BUP eta COU— jasotako ikasgai guztien artean oroitzapen ederrena utzi zidana Antonio Machadoren poesia izan zen. Honela amaitzen zen haren poemetako bat —Españolito—, ez beharbada gustuko izan nituenetakoa, baina gogoangarria hala ere: «Una de las dos Españas / ha de helarte el corazón» («Bi Espainietako batek / bihotza izoztu behar dizu»).

Nahi adina ñabardura eginda, bi Espainia bezala bi Euskal Herri ere bereiz daitezke, ikuspegi bat baino gehiagotatik: Frantziaren mendekoa eta Espainiaren mendekoa, independentista eta unionista, alfabetatua eta analfabetoa, euskaltzalea era euskarafoboa...

Herenegun berripaper honetan agerpena izan zuten ikus-entzunezko bi lanek pentsarazi didate bereizketa egin daitekeela Euskal Herri auto-baieztatzailearen eta Euskal Herri auto-ironikoaren artean ere.

Euskal Herri auto-baieztatzailearen ordezkari izango litzateke, adibidez, Ekain Martinez de Lizarduiren Erraiak, ordu erdiko dokumentala, sari ugari jasotakoa, azkena World Distribution Award, izenak dioen bezala mundu guztian zabalkundea emango diona, lehendik ere duenaz gain. Arrakasta handiko lana, Filmin plataforman ere ikusgai dagoena. Irrintziari buruzko informazioa eta iritzi kualifikatuak biltzen ditu, antzinatik datorren euskal kulturako elementu bati aitortza serio, landu, dokumentatu eta ikusgarria eginez.

Euskal Herri auto-ironikoaren ordezkaritzat jo daiteke, aldiz, Atzean zuloa, 2018tik gaur arte euskaldunon eta euskal kulturaren hainbat ezaugarri irriaren ikuspuntu autokritikotik islatzen duten esketxak eskaintzen dituen Youtubeko kanala, Nerea Aranburu eta Iban Aizpurua aktoreek Bagera elkartearekin eta Hiru Damatxo ekoiztetxearekin batera sortu eta garatua. «Pantomima Full-en euskarazko bertsioa» da, Aranburuk dioenez.

Mutur banatan daude Erraiak eta Atzean zuloa, baina ez dira elkarren kontrako, elkarren osagarri baizik. Erraiak eta antzekoak herren leudeke Atzean zuloa bezalakorik gabe, hanpatuegiak irudituko litzaizkiguke, handinahiak, harroak kasik; eta, alderantziz, Atzean zuloa eta antzekoak herren leudeke Erraiak bezalakorik gabe, friboloegiak iruditu eta ez liguketelako batere graziarik egingo. Geure baitan daude biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.