Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Biba zuek

2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Pandemia-aurreko garaietakoa da datua: Kantar Mediaren arabera, 2019an, ETB1en ikusleen batez besteko adina 64 urtekoa zen. Streaming plataformen burbuilak hedapen betean jarraitu du bi urteotan, eta litekeena da adin hori are gehiago igo izana. Ez da anekdota hutsa: ikusle datuek ez dute gizartea bere horretan ordezkatzen, ezpada ohiko telebista ikusten duen jendea soilik. Youtube, Nahieran eta bestelako sare sozialetako kontsumoa ere baloratzea premiazkoa da belaunaldi gazteagoen ohiturak erabaki irizpideetatik kanpo ez uzteko.

Baina zenbakiak zenbakiak dira. 2021ean gorakada izan du ETBren euskarazko kateak: sei hamarren igo da, %2,2ko ikusle-kuotara ailegatzeraino. Horren erantzuleak saio bat baino gehiago dira, baina, denen artean, bat da niri zer pentsatua eman didana: %4,1eko ikusle kuota eskuratu duen Biba Zuek! arratsaldeko magazina. Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkezle bikote xelebrea bezain eraginkorra sortu dute antza, eta ia egunero bi ordu osatzen dituztela kontuan hartuta, ezin zaie meriturik ukatu.

Lehen aldiz ikusi nuenean saio motel samarra iruditu zitzaidan, ikuslea apur bat infantilizatzeko joera zuela, jada gure mundua eta bizitzarekin bat ez datorren Euskal Herri naturzale eta folklorezale bat ahalegintzen zela ordezkatzen. Orduko hartan herrentzat jo nituenak dohain zaizkit orain, amonak saioa egunero ikusten duela badakidanetik. El Diario Vasco-ko albiste nagusietan irakurritakoa bihurtzen zuen lehen bazkariko hizketagai nagusi. Gero eta gehiagotan, beste hau esaten dit amonak, orain: «Ezagutzen duzu X? Euskal Telebistan ikusi nuen lehengoan. Oso interesgarria, e!».

Saioa ikusten duenetik, nire lagunak eta ezagunak telebistan ikusten dituela ere esaten dit maiz. Eta ez da telebistan agertzen diren denak nire lagunak direla uste duelako soilik.

Publiko heldua izanagatik, gonbidatuen bidez gazteen kezkak eta burutazioak publiko zaharragoari xehe-xehe emateko bidea aurkitzen dute. Ez da niretzat, ez da ziur asko, zuretzat ere, baina asmatu dute arratsaldez telebista ikusten duten horiei nahi dutena ematen, ordukide diren beste saio morbozale askoren azalkerian erori gabe. Auskalo—gurea bezala— zenbat familia bazkari arindu dituzten hala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.