EKOGRAFIAK

Nolako lanak

Lander Arretxea.
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Hartu tarte bat pentsatzeko. Jaso duzu gaur goizean egitekoren bat apur bat atzeratu zaiola dioen inoren mezu elektroniko edo deirik? Aurkitu duzu taxuz egin gabe zure etxean, gaztetxean edo dena-delakoan honezkero eginda behar zuen ezer? Edo kontrara, zeu izan zara jada asteazkena bada ere, asteko zeregin ia denak azken bi egunetarako pilatu zaizkiona? Egun gehientsuenak abiada bizian joaten zaizkiona, ia ezer egin gabe?

Horrela bada, litekeena da erruduna —tira, beharbada hitz aproposagoa da aitzakia— bi gurpilen gainean egiten den kirol bat izatea: txirrindularitza. Edo zehatzago esanda, gizonezkoen Italiako Giroa. Izan ere, Olano, Indurain, Zubeldia, Somarriba, eta abarrek euskaldun askorentzat kutun bihurtu duten kirola da, zaleak pantailari begira adi-adi mantentzen dituztenen artean, lan orduak izan ohi diren horietan garatzen den bakarra: eguerdiko hamabiak aldera hasi eta arratsaldeko bostak arte, gutxi gorabehera. Itzuliak direnean, gainera, asteko egun guztietan izaten da lasterketa.

Ez da zaila kalkulua egitea: txirrindularitza zuzenean jarraitzen baduzu, edo A: ez duzu lanik egun eta ordu horietan, edo B: lana hala moduz egiten duzu, bazkalosteko orduak plazer ezkutuko horri eskainita. Ni neroni, Pello Bilbaoren eta Mikel Landaren erasoa noiz iritsiko zain nago, begi bat telebistan eta bestea ordenagailuan, hau idazten ari naizen bitartean. Eta jakin nahi nuke zenbat lagun ariko ziren atzo, ni bezala, zeharka telebistari edo sakelako telefonoari begira: kezkatuago Mortiroloko igoerarekin unean-uneko zeregin edo ardurekin baino.

Txirrindularitza kirol ederra da, milaka gara zaleak intentsitate eta obseso maila desberdinetan —batzuk kezkagarriagoak beste batzuk baino—, eta gauza ederra da txirrindulari euskaldunak onenekin lehian ikustea. Baina protagonistek aldapa malkartsuetan dituzten lehia epikoek hain epikoak ez diren istorio txikiagoak uzten dizkigute telebistaren beste aldean. Zenbat gauza uzten ditugu erdipurdi eginda txirrindularitzaren aitzakian? Horren ondorioak nork ordaintzen ditu? Hitz joko batzuk benetan adierazgarriak dira: nolako lanak ditugun guk begiak telebistatik kendu eta gure zereginetan arreta jartzeko. Eta gauza bera ez dena: nolako lanak ditugunok baimendu dezakegu hori?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.