gorka julio
IRLEN SAREA

Segregazioa

2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Thomas Schelling Nobel saria konpetentziaren eta kooperazioaren arteko orekak joko teoriaren bidez ulertzen lagundu zuen ekonomialari eta politologoa izan zen. Modelo matematikoen bidez, segregazioaren zergatia bilatzen jardun zuen; nola norbanakoen erabaki txikiek eragin makroak eragiten dituzten.

Segregazioari lotutako modeloan —faktore sozioekonomikoak eta estrukturalak kenduta ere—, partaideek arau sinple bat betez, segregazio totala gerta zitekeela frogatu zuen Schellingek. Bizilagunak kolore berekoak izateak edo, are gehiago, «muga bateraino» nahasteak lehentasuna izateak erabateko bereizketa eragin zezakeen. Adibidez, %30eko «antzekotasuna» onartuko lukeen auzo bat nahi izateak automatikoki segregazio total erabatekoan amai dezake. Pertsona horiek %70eko «dibertsitatea» onartuta ere, modeloak erakusten du segregazioa gertatzen dela.

Horrek esan nahiko luke jendartean dauden faktore estrukturalak eta materialak kenduta ere, norbanakoek hartzen dituzten jarrerak orokorrak badira, ondorio estrukturalak dituztela. Noski, normatibizazio hori emateko mekanismo sozialak martxan daude; ez dira norbanakoen erabaki guztiz libreak.

Mekanismo biopolitiko zaharrak, debekuak adibidez, onerako edo txarrerako inoiz baino presenteago daude. Espazio itxietan erretzea debekatzea edo pandemia garaiko itxialdiak horixe besterik ez dira. Horiez gain, forma berriek teknologiaren edo teknikaren erabilera intentsiboagoa egiten dute; autoko uhala lotzen dugu, soinu gogaikarri bat gelditzeko, ez gure bizitza salbatzeko.

Beste batzuk, aldiz, detektatzen zailagoak dira. Harremantze zuzena, izan produktuekin (automatikoki denda batek gomendatu didan liburua Interneten erosi) edo pertsona batekin gelditu (algoritmo batean jarritakoagatik agertu zaidan pertsona), juzgu moraletan sartu gabe, ausa ekiditen du, inprobisazioa, espero gabeko beste zerbait edo beste norbait topatzea. Fenomeno bera sare sozialetako informazio burbuilan ematen da: gure iritzi antzekoak dituztenak jarraitzeko eta hedatzeko joera dugu.

Bi adibide horiek, segregazioan ez ezik, gizakiaren sozializazioarentzako eragin zabalak izango dituzten faktoreak dira. Nolakoak izango diren esateko, goiz samar da akaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.