Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Inoiz baino beharrezkoagoa

2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Kezkaz irakurri nuen prentsa askatasunaren gaineko berria. Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute pandemiaren krisiak haien aurkako erasoak areagotu dituela. Bada, aurreko egoera jada larria bazen, orain, are arriskutsuagoa da informazio aske eta independentearen alde lan egitea. Txinan, kasurako, 108 kazetari preso daudela salatu dute. Eta beste batzuk, desagertuta —horietako gehientsuenak koronabirusaren eraginez hildakoen datuak emateagatik—.

Ez dugu urrun joan behar zentsura adibideak aurkitzeko. Eusko Jaurlaritzak pandemia garaian eskainitako prentsaurrekoetan gardentasun gutxi egon da. Agerraldi ofizialak aurrez aurreko kazetaririk izan gabe egin dituzte, eta galdera asko erantzunik gabe geratu dira. Galderak egiteko aukera jarri arren, gai batzuk ezkutatu egin dituzte. Adibidez, euskal zientzialari talde batek COVID-19a atzemateko garatutako testen ingurukoa.

Ikertzaileek sortutako probak erabiltzeko gaitasun ziurtagiria jaso zutenetik, sei egun pasatu behar izan dira Jaurlaritzak horren inguruan zerbait esateko edo haiek aintzat hartzeko. Osasun Sailak asteartean adierazi zuen EHUren testak «balioztatzeko lanean» dabiltzala, baina «pertsonengan erabilgarrik direla baieztatu» behar dutela lehendabizi. Kasualitatez edo ez, agerraldi horretan kazetariek galderak presentzialki eta bitartekaririk gabe egiteko aukera izan zuten.

ETB2ko En Jake saioko ikusleek jakingo dute, ziurrenik, Ugo Mayor EHUko testen ikerketa buruetako bati hedabideetan hitz egitea debekatu diotela. Sare sozialetan esan zuen testak erabiltzeko protokoloa prest legokeela eta Osakidetza dela proba kopurua handitu nahi ez duena. Xabier Lapitzen saioa Mayorrekin harremanetan jarri zen. Horrek, ordea, honakoa erantzun zien: «Ez digute taldeko inori hitz egiten uzten».

Hamalau egun pasatu dira test horien berri izan genuenetik. Epe horretan, gutxienez, 100.000 ale ekoiztu zitezkeela adierazi dute. Jaurlaritzak, berriz, 14.000n jarri du zifra hori.

Kazetaritza eta hedabide publikoak inoiz baino beharrezkoagoak dira, eta beste honako hau gogoratu nahiko nuke: Eusko Legebiltzarra deseginda dago hauteskundeetara deitu zenetik, eta gure komunikabideak dira agintarien erabakiak lupaz aztertu ditzaketen bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.