Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Zertarako fikzioa?

2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Fikzioaz hitz egiten dizuet normalean BERRIAk astean bitan eskaintzen didan txoko honetan. Normalean, gainera, telebista ikusteko modua irauli duten plataformek eskaintzen dituzten telesail formako fikzioak izaten dira hizpide izaten ditudanak. Hala ere, bada beste formatu bat, plataforma hauek indarrez bete dutena: serie dokumentalak.

Bizi ditugun garai arraro hauek argi eta garbi utzi digute, beste behin, errealitateak fikzioa gailentzen duela etengabe, eta bertan gertatzen denak edozein gidoilarik pentsatutako azken bira korapilatsua ere hutsaren pare utz dezakeela. Genero txundigarria da serie dokumentalena, eta, fikziozko serietan bezalaxe, gaiak askotarikoak eta amaiezinak dira. Azkenaldian, asko hitz egin da, adibidez, Netflixen The Last Dance-i buruz Michael Jordan eta Phil Jacksonen Bullsen azken urtearen inguruan egindako dokumentala. Kirolak elementu ugari ditu narrazio batek funtzionatu dezan laguntzen dutenak, eta, hori dela eta, azpigenero horrek ere hainbat ale utzi dizkigu azken urteetan. Nabarmenena, ziur aski, Amazon Primek ekoitzi eta kirol ezberdinetako talde profesionalen egunerokotasuna erakusten digun All or Nothing izango da.

Baina lasai, kirola gustuko ez baduzue, serie dokumentalen putzua kolore eta tamaina guztietako arrainez beteta dago eta. Eta, nola ez, telesailak azken urteetan hartzen ari diren bidea ikusita, krimen ezberdinen inguruan sortutakoak ere ageri zaizkigu. Bakar batzuk aipatzearren, Netflixen Making A Murderer edo HBOren The Jinx aipatuko nituzke. Azken hori ez da ezagunegia, baina nire kutuna da azpigeneroaren barnean. Ez galdu, ikusteko aukera posible baduzue. Ez sinestekoa, eta zur eta lur utziko zaituen bukaera duena, bide batez.

Eta krimenez kokoteraino banago? Ba lasai zu ere, errealitateak guztiontzako baitu! Sekula imajinatu ez dituzun gauzak gertatu dira bizi dugun mundu honetan, eta horietako batzuk serie dokumental batean ikustean, orain arte istorio horien berri nola izan ez duzun galdetzera eramango zaituzte. Adibidez, Wild Wild Country beldurgarria, edo azken hilabeteetan mundu osoko ikusleak aho bete hortz utzi dituen Tiger King, biak Netflixenak. Bai, askotan ez da fikziorik behar istoriorik sinestezinenak kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.