EKOGRAFIAK

Erdigunea eta periferia

Miren Manias -

2018ko irailak 26
Eguerdiko hamabietan iritsi nintzen etxera, atzo. Ondoezik, hegaldi luzearen ordutegi aldaketak eraginda. Begiak nekatuak nituen, eta gorputza, nabarmen hozturik. Ondo ari zarete pentsatzen baduzue ohera sartzea besterik ez nuela nahi, baina banekien ere hori egingo banu loak hartuko ninduela luzez eta gero esna emango nuela gau osoa. Begiak zabalik eutsi nahian, telebista tradizionalaren faltan, ordenagailua piztu nuen.

Atzerrian egon naizen bitartean telebista gutxi ikusi dut. Han eta hemen erreparatu diet Donostiako Zinemaldiaren gaineko berriei. Egunkarien edizio digitalak, Twitterren sortutako literatura eta txiolari batzuen iritzi zutabeak begiratu ditut, besteak beste. Horien bidez jakin dut Zinemaldiak eta Espainiako Cima elkarteak (Ikus-entzunezko eta zinema alorreko emakumezko profesionalak) sinatu berri dutela sektorean parekidetasuna bultzatzeko gutuna. Itun horren helburua da emakumezko profesionalen parte hartzea eta ikusgarritasuna sustatzea. Agian azalpena izan dezake honek, baina bitxia da bederen xede berdinerako 2016an sortutako (H)emen euskal elkartea elkarlan horren erdigunetako bat ez izatea —Cimarekin batera, akaso—. Deigarria da ere EiTBren eta Zinemaldiaren arteko lan akordioa; non gure telebista publikoak hitzeman duen jaialdiaren gaineko jarraipen sakona, baina aldi berean ez duen euskara erdigunean jarri (ezta gaztelera ere, bide batez esanda) saio berezirik egiteko Donostiako Zinemaldia aprobetxatuta. Ikusi dudan arte, Gaur Egun eta Teleberri albistegietako tarte bereziak eta ETB1eko zein ETB2ko saio batzuetan zinemagileei egindako elkarrizketak lirateke hitzarmenaren emaitza, ETBren laguntzaz ekoitzitako eta Zinemaldian parte hartu duten hamabi filmez gain.

Atzo, ordenagailua piztu eta eitb.eus idatzi nuen nabigatzailean, eta titular honekin —zein protagonistaren argazkiarekin— egin nuen topo orri nagusian: Judi Denchek Donostia Saria jasoko du gaur, Euskal Zinemaren egunean. Alegia, Ramon Agirre euskal aktoreak Zinemira saria jasoko zuen egun berean. Aukera ezin hobea zen Zinemaldiaren erdigunean iragartzeko Agirre. Tira, beti geratuko zaizkigu biharko tituluak. Bitartean, euskal hedabideen artean ekoitzitako Zurriolako butaka-n eduki periferikoak noiznahi.