EKOGRAFIAK

Gu

Lander Arretxea.
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Izango da autobiografiatik urruntzeko premia edo iritzi potoloegiak talde zabalago baten atzean ezkutatu nahia. Maizegi jausten naiz oker bestela ere sobera zabalduan: Guka aritzen naiz beti. «Guk», «badakigu», «gaude». Zutabeetan, eztabaidan zein lagunartean; gu horrek nor bildu eta nor kanpoan uzten duen zehaztu gabe, eta tarteka, baita argi izan gabe ere. Gu euskaldunak? Gu euskal herritarrak? Gu belaunaldikide prekarioak? Gu Donostia aldeko euskaldun neurrian posmoderno neurrian euskaltzale konprometituak? Gu zutabegile erremerreak? Gu ni, neroni eta neuself?

Hedabideek ere ezin diote izkin egin gu propioa osatzeko ardura zailari. Irizpidea edozein dela: hizkuntza erabilera, mundu ikuskera, jatorria... Ez da azalekoa hartu beharreko erabakia: gu zabalegietatik abiatzen direnek ez dute euren publikoa ongi ezagutu eta eraginkorrak izateko modurik, eta ni gutxi-asko hegemonikoetatik eraikitakoek gero eta jende gehiago uzten dute bazterrean. Horregatik da xanpainaz ospatzekoa bestelako gu batetik —zabalegia izan gabe, zabala dena— abiatzen den telebista berriaren sorrera: Tantaka TVrena. Mugarik Gabe, Bakea eta Duintasuna eta Euskadi-Kuba elkarteek sortu dute, kontzientzia kritikoa sortzeko asmoz. Telebista plurala, feminista eta internazionalista gisa aurkeztu berri dute Bilbon egindako ekitaldian.

Oraingoz ikusgai jarri dituzten edukietan antzematen da hala dela. Miriam Hatibi komunikatzaile eta aktibista musulmana elkarrizketatu dute #EntreNos saioan; musikaren munduari genero ikuspegitik begiratzen dion Falta zirenak dokumentala eskaini dute La Klaketa atalean; eta Politikaldia saio laburrean, Saharaz aritu dira. Oraingoz, zazpi atal desberdin dituzte martxan, euren aurkezle eta platoarekin, eta gehiago izango dira laster. Hizkuntzari dagokionez, oraingoz gaztelania da nagusi, baina edukien %50 euskaraz izatea dute erronka. Errealizazioan zein aurkezleen lanean badute hobetzeko tartea, baita borondatea ere. Horretarako, ez dago saioak egiten jarraitzea baino bide hoberik.

Uroski, ez Hamaikak, ez ETBk, ez tokiko hedabideek harrapatzen ez dituzten zenbait ikusle erakarriko ditu bide horretan; eta, akaso, balio dezake zenbaiten gu hori pixka bat zabaltzeko ere. Ongi etorri, Tantaka! Jarraituko zaituztegu. Jarraituko zaituztet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.