Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Edukiak non, ikusleak hor

2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Negua da, 2018ko urria. Familia irlandar bat landa eremuan bizi da, eta seme-alabetako batek ere ez du baserrian bizitzen geratu nahi. 2008ko krisi ekonomikoak gogor astindu zuen herrialdea, eta azken urteetan landa eremutik hiriburuetara alde egin dute gazteek. Hori egiteko arrazoi nagusia ibilbide profesionala garatzeko aukera da; izan ere, Dublinen moduko hiri batean lan aukera gehiago daude egungo gazteentzat. Gehienek irlandera dute ama hizkuntza, baina hiriburuan nekez hitz egiten da hizkuntza hori. Testuinguru horretan, ulertu daiteke haien hizkuntzaren landa izaerak ere bultzatu dituela gazteak hiriburuetan aurkitzera hutsune profesionalaren gaineko hiri konponbideak. Jatorrizko hizkuntzari zuzenean lotua dagoen arazoa baita. Landa eremuan haien hizkuntzan lan egiteko aukera izango balute bertan geratuko liratekeelako. Irlandako Gobernuak gero eta diru gutxiago bideratzen du barruti horiek biziberritzeko. Ondorioz, landa eremuko komunitateak ez ezik, hiztun komunitatea ere desagertzen ari da.

Fikziozko telesail baten gidoia dirudi istorio horrek. Zehazki, Irlandako testuingurukoa. Baina benetako fenomenoa da. Hori da Ben O Ceallaigh Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileak azaldu duena Hizkuntza Gutxituen Gaineko nazioarteko kongresuan, Leeuwadernen (Frisia). Egia esan, bestelako testuinguruetan gerta daitekeen istorioa ere bada —Amama filmak erakutsi zuen hori—. Globalizazioak bultzatutako arazo globala baita.

Telebistan antzeko fenomenoa gertatzen ari da. Norberaren jatorrizko hizkuntzan gustuko dituen ikus-entzunezko edukiak eskuragarri ez dituen ikusleak bestelako bideak (kateak, euskarriak, formatuak...) bilatuko ditu gustuko duen hori kontsumitzeko. Esaterako, Netflixen. Zer egiten du AEBetako streaming plataformak? Netflixek badaki ikusleek zer kontsumitzen duten; beraz, haren estrategia da ahalik eta ikusle gehien erakartzea. Eta, horretarako, askotariko edukiak ekoizten zein erosten ditu. Ikusleak non, edukiak hor.

Hedabidearen eta kontsumitzailearen arteko harremanak norabide bikoitza dauka, ordea. Eta estrategiak ez luke soilik izan behar edukiak sortzea publikoaren lekuaren arabera. Edukiek ere ikusleak erakartzeko gaitasuna baitute. Irlandako landa eremua horren adibidea da, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.