Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

'Ihesaldia' (II)

2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ihesaldia-ren hiru atal ikusteko aukera izan dut dagoeneko, eta ihesaldiak bezalaxe, hobetzen doa kartzelan zenbat eta denbora gutxiago igaro. Zuloa egiten ari direnen eta kanpoan dituztenen tramak zentroan jartzean, gora egiten du telesailak nabarmen; kale egiten duena, sinesgarri egiten ez dena, kartzelako egunerokotasunean gertatzen dena baita. Jangela madarikatu horrek istorioaren kontra egiten du, etengabe. Ez du zentzurik politiko eta «komunen» arteko, edo kartzelariaren eta txibatoa-ren arteko elkarrizketa horiek guztiak gune komun horretan gertatzeak, guztien bistan, hain leku txikian eta hain jende gutxirekin.

Zuloa egiten ari direnean istorioan sartzen zara, pertsonaiekin bat egiten duzu, eta, gozatzen hastean, jangelan gertatzen denak istoriotik ateratzen zaitu. Hau ere baliabide kontua da, ez baita merkea espazio ezberdinak atontzea epokako telesail batean. Muga horiek gidoian ere nabari dira. Mugak, eta ETBk jarritako baldintzak. Aurrekoan aipatzen nizuen zuritasunak ere ez du laguntzen. Bereziki Fugas pertsonaiak pairatzen du hori. Xabi Lopezek gorpuztutako pertsonaiak Trainspottingeko Begbie edo Prison Break-eko T-Bag bat izan beharko luke, baina bidean geratzen da. Eta lastima da, aktoreak lan hori bikain egin zezakeen sentsazioarekin geratu naizelako. Hala ere, aipatu dizuedan moduan, telesailak gora egiten du, eta horretan ardura handia dute tentsio eszenek. Oso ondo eginak daude, eta lortzen du iheslariek sentitzen duten presioa ikusleari kutsatzea.

Sarean kritika bat baino gehiago irakurri dut euskara erregistroaren inguruan, baina ados nago aukeraketarekin. Hizkuntza hori errepikapenak egiten du sinesgarri, Dragoi Bola-k erakutsi zigun moduan. Falta dena euskarazko telesail gehiago egitea da, errepikapen horretan sakondu ahal izateko.

ETBren inposaketen artean atalen iraupena dago. Ez dakit nola ez diren konturatzen ezarritako baldintza horiek guztiek, ezagutzen ditudanek, bederen, istorioaren kontra egiten dutela. Ordubeteko telesail bat egitea ez da makala. Are gehiago, izan dituzten baliabideekin. Ordubetera iristeko, luzeegi egiten diren laburpenak sartzen dituzte hasieran, eta datorrena ageriegi uzten du aurrerapenak amaieran. Munduan zertan ari diren begiratzea bezain sinplea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.