Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Korporatibismoa eta hipotekak

2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
ETB1en ikusle datuak legebiltzarrean aurkezten direnean, faltsuak izan daitezke, ehuneko handi bat pilotarenak baitira. Baina zer egiten dugu kirola gogoko ez duten euskaldunekin? Ongi dago pilota ematea, baina hainbeste orduz? Esango nizuke ezetz, batez ere kate horrek beste gauza asko egin beharko lituzkeelako. ETBk azterketa sakon bat behar du. Euskal politikariei ahaztu egin zaie ETB zertarako sortu zen».

Ez dira nire hitzak. Josetxo Lizartza kirol esatariari hartuak dira pasa den astean Urtzi Urkizuri egunkari honetan bertan eskaini zion elkarrizketatik. Une korapilatsu batean eskainitako elkarrizketa da —Lizartza Bainetetik kaleratua izan da 27 urteren ostean, afera auzitegietan da—, eta eskertzekoa da kazetariak erakusten duen zintzotasuna. Gordintasun osoz erantzuten die Urkizuren galdera guztiei, baina nire arreta elkarrizketaren amaiera aldera emandako erantzun horrek bereganatu zuen.

ETB izaten dut hizpide askotan Ekografiak hauetan, eta saio berrien kritikei heltzen ez diedanean, fikzioa edo horren falta izaten dut aitzakia normalean. Horrekin esan nahi dudana da bakoitzak bere gaiari heltzen diola, bere egunerokotasuna suposatzen duenari, ezagutzen duenari, bere ogibideari lotua dagoenari, askotan. Eta normalean, arlo zehatz hori defendatu edo bere faltaz hitz egiteko izaten dela. Eta zergatik ez esan? Korporatibismoz jokatzen dugula behar baino gehiagotan: izan gidoilari, nazioarteko kazetari, aurkezle, elkarrizketatzaile, bikoizle, edo, Lizartzaren kasuan, kirol kazetari.

Horregatik, are miresgarriago egiten zaizkit Lizartzaren hitzak. Pilota aipatzen du zehazki, baina badira kirol eta herri kirol gehiago ETBn emisio ordu mordoxka bat pilatzen dituztenak urte amaieran. Gaia ateratzen den bakoitzean, beti dago kirol horiek gure kulturarekin lotzen dituen norbait. ETBk emango ez balitu, ez ziela inork kasurik egingo, galduko zirela.Gauza berbera gertatu zitzaidan behin, Twitterren, larunbat gauetan ematen dituzten trikiti edo dantza txapelketen saioak kritikatu nituen batean. Arrazoi, baina horrek ez du esan nahi gure euskarazko katea eduki horietara hipotekatua izan behar dugunik betiko. Lizartzak arrazoi osoa du: «ETBk azterketa sakon bat behar du. Euskal politikariei ahaztu egin zaie ETB zertarako sortu zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.