Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Galduta (IV)

2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gogoan dut, Lost-en azken atala amaitu ondoren, bai anaia, bai pisukideak eta baita ni neu ere erabat pozik geratu ginela telesailari eman zioten amaierarekin —nahiz eta adar argumental batzuk erraztasun handiegiaz itxi zituzten—.

Hala ere, gure mundu txikitik at, telesail jainkotiar horren amaiera oso ondo ulertu ez zenaren sentsazioa izaten hasi, eta Boonek haren arreba Sharonekin zuen harremanean baino galduago sentitu ginen. Azken hilabeteetan lortutako oihartzuna zela eta, Cuatro katean —azken unean argia ikusi eta telesaila erosi zuenak— eztabaida bat antolatu zuten azken atalaren ostean (tertuliakide eta guzti!). Bertan atera zituzten ondorioak telesaila ikusi ere egin ez zuen norbaitenak izan ziren, baina ez nion garrantzi handirik eman. Sawyer baino harroxkoago jokatu, eta sorbalda gainetik begiratu nien artelan hura ulertu ez zuten artaburuei.

Hurrengo egunean, ordea, El Diario Vasco-n albiste hau irakurri nuen: Perdidos: En la isla todos estaban muertos. Zer?! Benetan?! Ikusi duzu telesaila edo azken atala ikusi ostean artikulu hori idazteko lotsarik eza izan duzu? Sutan jarri nintzen eta Facebooken orrialde bat ere sortu nuen haserrearen ondorioz (bai, Facebooken edozein tontakeriarekin taldeak egiten ziren garai ederra zen. Oraindik 54 gara bertan). Hori aski ez, eta nire haserrea areagotuz joan zen kalean paganoak topatzen nituen eran. «A ze amaiera, guztiak hilda zeuden hasieratik...». Nire amorru kontagailua topea pasatua zen eta yoga egiten hasi nintzen. Hala ere, Benjamin Linusen hoztasunarekin egoera aztertu, eta pagano guztiek zerbait komuna zutela konturatu nintzen. Nire bizitzarekin jarraitu ahal izatea ahalbidetu zidan ateratako ondorioak. Kasualitatea edo ez, amaieran guztiak hilda zeudela pentsatzen zutenak, Lost-ek mundu mailan laugarren denboralditik aurrera (borobilena zalantzarik gabe) lortutako sonaren ondorioz telesaila ikusten hasi zirenak ziren. Hau da, bi urte edo gutxiagoan —askok eta askok hiru hilabetetan— ikusi zuten telesail osoa. Une hartan, guk beste «lasaitasun» batekin ikusi genuela konturatu nintzen. Paganoen arazoa informazio guztia behar zen bezala jalki ez zutela zela ondorioztatu nuen. Guk, aldiz, Richard Alpertekbaino denbora gehiago izan genuen atal guztiak ondo barneratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.