Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Bizarrismoa eta askatasuna

2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Euskal bizarrismoa zer den eta zertan den ikasten hasi naiz A Film to Kill For ekoiztetxearen websailak ikusiz, Bizi txarra horietako azkena, joan den astean Bilbon estreinatua, Otsoen lurraldean eta Zure txanda-ren ondorengoa.

Ezin hobeto laburtua dago Bizi txarra-ren trama ekoiztetxearen webgunean: «K2, Kia eta Alpha dira gure hiru protagonistak, milioiak zor dizkiote Dodgeri, hiriko espekulatzailerik eta diru-goserik handienari, eta zorra itzultzeko modu bakarra dagoela uste dute: Dodgeri berari lapurtu, ondoren diru horrekin zorra ordaintzeko. Baina ez da erraza izango, bidean jende ugarirekin egingo baitute topo: kontulari arriskutsuekin, legez kanpoko borroka-sare bat duten poloniar lekaime faltsu batzuekin, eroetxean jarraitu behar luketen psikopatekin eta hamaika gaizki-ulerturekin».

Laguntzen du sinopsia irakurtzeak, ez baita erraza une oro tramari zehaztasunez jarraitzea. Baina trama bera baino gozagarriagoa da eszena bakoitzak, berak bakarrik eta bere kabuz, daukan umore, parodia eta ironia kutsu neurrizkoa, ikusten ari zarenetik urruntzen zaituen aldi berean gertuago ere sentiarazten zaituena. Urrundu egiten zaitu, ez delako, berez eta izatez, sinesgarria, baina gerturatu egiten zaitu badakizulako horixe dela kasu honetan igorlearen eta hartzailearen arteko itunak eskatzen duen benetakotasun puntu zehatza.

Teknika aldetik, perfekziotik urrun dago Bizi txarra, eta euskara ere, tarteka behintzat, herren egiten duten alderdi teknikoetako bat da. Baina horixe bera da, sinesgarritasun faltarena bezala, osagai erakargarrienetako bat bizarrismoan, eta seguru asko horrela hobe, zorrotz zuzenduta baino. Bizarrismoa, besteak beste, perfekzioaren aurka erraietatik egindako oihu fresko eta askatzailea baita. A Film to Kill For ekoiztetxearen websailek OK Korral rock talde mitikoa ekartzen didate gogora, eta ez kasualitatez.

Horregatik guztiarengatik, aske sentitzeko aukera ematen dio bizarrismoak ikusleari, pantaila aurrean eseri aurretik burua ireki eta ohiko ideia asko iruntzitara jarriz gero, Otsoen lurraldean websaileko elkarrizketa batean tabernako bezeroak erakusten duen bidetik: «Zer nahi dun, kanpotar?». «Whiski bat, kanpotar». «Ni ez naun kanpotarra». «Niretzat, bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.