Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

ETBren adar ezezagunak

2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
ETB1en ikusle kuota txikia bada, gero eta txikiagoa, zer esan ETB3k eta ETB4k dutenari buruz? Etxe askotako aparatuetan ez dira sintonizatu ere egiten, jende askok ez daki badaudenik ere, eta badaudela dakiten askok ez dakite zehazki zer diren, are gutxiago zer asmoz sortu ziren eta zer neurritan erantzuten dieten asmo horiei.

Neuk ere Wikipediara jo behar izan dut oinarrizko informazioa izateko: «ETB3 EITB euskal korporazio publikoak 2008ko urriaren 10ean sortu zuen telebista kate bat da», dio Wikipediak. «Euskara hutsezko kanala, orokorrean 30 urtetik beherako lagunentzat abiarazia. Musika saioak, filmak, marrazki bizidunak, dokumentalak, erreportajeak, albistegiak eta kirol emanaldiak izan ziren programazioaren ardatza».

ETB4ri buruz, berriz, honako hau: «ETB4 EITB euskal korporazio publikoaren Euskal Telebistako laugarren telebista katea da. ETB4ren programazioa, euskara eta gaztelaniazko kanal elebiduna izatea proiektatu zen, eta profil tematikokoa izatea. Katea sortzeak 7,2 milioi euroko kostua izatea aurreikusi zen; horregatik eta krisi ekonomikoa zela eta, Eusko Jaurlaritzak ETB4ren proiektua bertan behera utzi zuen. Geroago, 2015ean katearen emisioak martxan jarri ziren».

ETB3ko programazioan aspaldiko marrazki bizidunak dira nagusi, gaurko umeen gurasoek ikusten zituztenak sarri, erakargarritasun gutxikoak erdarazko kate lehiakideen eskaintzaren aldean. Logikoa da, ETBren haur eta gazteentzako programazioan eskaintza berriak oso urriak izan baitira azken urteetan.

ETB4k, berriz, ETB2ko saioen errepikapenak eskaintzen ditu batez ere, duela gutxikoak gehienak baina baita aspaldiko batzuk ere, hala nola Vaya semanita eta Mi querido Klikowski. Euskaraz ezer gutxi, kirol emankizun batzuetatik aparte.

Ez da erraza ulertzen ETB4ren gaur egungo zeregina, batez ere Nahieran eskura izanik; ez al litzateke ETB4 baino probetxuzkoagoa izango Nahieran berritu eta hobetu bat, Interneterako ez ezik aparatuetarako ere egokitutakoa? ETB3ren kasuan, berriz, nabarmena da ETBk haur eta gazteentzako lanen bikoizketaren bide behiala arrakastatsua moztu izanak kalte handia egin diola, eskaintza guztia zaharkituta geratzen ari baitzaio. ETBren adar ezezagunen misterioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.