Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Zinemagintza eta futbola

2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean Espainiako zinemagintzako Goya sarien banaketa ekitaldiari begira eman nuen tarte laburrean, inpaktua eragin zidan konektatutako bideo pantailen ugaritasunak eragiten zuen efektuak, zientzia fikzioko kutsu artegagarrikoa. Gero, galak ikusten ia beti gertatzen zaidan bezala, aspertu egin nintzen.

Ondorengo egunetan, sare sozialetan ikusi ahal izan ditut Ane eta Akelarre-ko saridunen adierazpen eta esker-emateak. Poztekoa da horien lanak aitormena izatea, lagungarri izango zaie bidean aurrera jarraitzeko, are gehiago garai zail hauetan. Zorionak denei!

Baina ez nator bat Espainiako Zinema Akademiak emandako izendapenek eta sariek «euskal zinemagintzaren maila altua» agerian utzi dutela diotenekin, inon irakurri dudan bezala. Euskal Herrian maila altuko profesionalak daudela, eta Euskal Herrian eta euskaraz maila altuko filmak egiten direla ere, hori bai, dute izendapen, sari eta aitortza horiek guztiek eta antzeko beste batzuek. Baina, batetik, Goya sarien batere beharrik gabe ere kontu jakina zen hori. Eta, bestetik, euskal zinemagintzaren maila altua dela esatea beste upel bateko sagardoa da, euskal zinemagintzak hutsune handiegiak baititu maila altuan dagoela esan ahal izateko, eta hutsune horietako bat Goya sariek utzi dute, hain zuzen ere, agerian: espainiar zinemarekiko mendekotasuna, biziko eta haziko bada Espainiari eta Espainiako industriari —eta sariei eta laguntzei— begira bizi behar izatea neurri handi batean.

Goya sariek gure artean duten oihartzunak pentsarazten du futbolean erabat janda daukagun mendekotasunetik gertu daukagula euskal zinemagintza: Liga eta Kopa jokatzen dituzte Hego Euskal Herriko taldeek, esan gabe doa nongo liga eta eta noren kopa, eta horietan emaitza lortzea da helburu nagusia. Literaturan ere gertatzen da hori, baina askoz ere neurri txikiagoan, eta gainera horren kontzientzia bat badago gutxienez, igartzen da, eta esaten, eta eztabaidatzen. Garai batean Espainiako Sari Nazionalei uko egitea ere planteatu zuten idazle batzuek, eta gaur egun ere uko egingo lioke bakarren batek eman nahiko baliote. Zinemagintzan antzeko zerbait gertatzea ezinezkoa dirudi. Zinemagintza, futbolaren neurrietaraino ez iritsi arren, independentea izateko negozio handiegia delako ote da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.