Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

To bizitasuna eta grazia puntua!

2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Plazera izan zen Imanol Lazkano entzutea joan den ostiralean ETB1eko Biba zuek! saioan. Bilintxen menda hamabostaldi hasi berria aurkeztera joan zen Azpeitiko bertsolaria, Xabier Euzkitzerekin batera, Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia galdezka zituztela. Hamabostaldi hori Indalezio Bizkarrondo Ureña BilintxKontxesirentzat, Loriak udan intza bezela, Triste bizi naiz eta, Bein batean Loyola'n, Juana Bixenta Olabe eta beste hainbat bertso ezagunen egilea— omentzen ari da egunotan haren jaioterrian, Donostian, duela 190 urte jaio zela aitzakiatzat hartuta.

Euzkitzek eta Lazkanok ederki azaldu zuten —laburtasunak eskatzen zuen neurrian, jakina—, nor izan zen Bilintx, haren bertso bana ere kantatuz, eta gero, hortik abiatuta, bertsolaritzaren historiaz eta gaur egungo egoeraz ere egoki mintzatu ziren, harritzekoa ere ez denez, gai horietaz aritzeko ezagutza faltarik ez dute eta. Baina ez zen hori izan Lazkanoren meritu bakarra.

«Gaur bezain txukun eta gaur bezain sakon bertsotan sekula ez duk egin», esan zion Lazkanok une batean Xabier Sukiari hika mintzatuz. «Orain, beti esaten duguna: aurrerapauso bat ematen denean hankapean beti zerbait puskatzen duk, eta beharbada gauza batzuk, lehengo bizitasuna eta grazia puntu batzuk galduko zitian, baina bertsolaritzak asko irabazi dik eta maila izugarria zeukak, eta batik bat neskek egin ditek lan izugarria». Eskertzekoa izan zen, azken urteetako eta gaur egungo bertsolaritzaren ohiko laudorioekin batera, bidean galdutakoaren aurrera egin ahala «hankapean puskatutakoaren» aipamen zintzo hori egin izana.

Horrez gain, ederra izan zen Lazkanok Aritz Ganboari —Biba zuek! saioko arruazuar artzainari— eskaini zion bertsoa ere: «Burua ta mingaina jarririkan martxan, / dotore sartzen zera programaren saltsan. / Hizketan bezain ona bazera artzantzan, / zure ardi bakoitza ariko da dantzan». Saioaren amaieran, Ganboaren txanda iritsita, Sukiak eta Arzallusek Lazkanoren bertsoa entzunarazi ziotenean, logikoa denez, zer esan eta eskerrak nola eman ez zekiela geratu zen artzaina. Gisa horretan, ostiraleko saioari gidoilaririk onenak, burua zukutzeraino estututa ere, ezin emango zion «bizitasuna eta grazia puntua» ematen asmatu zuen, alegia deus ez, Lazkanok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.