Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Galdeketa-gelak

2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Lehen atalak ikusi eta gero, ez zait iruditzen David E. Kelley eta Susanne Bierren The Undoing (HBO, 2020) telesail gogoangarria denik, aktoreen lana eta egikera teknikoa maila handikoak izan arren. Baina sekuentzia bat asko gustatu zait: bi poliziak Grace Fraser psikologoa polizia-etxean galdekatzen dutenekoa.

Psikologo bikaina da Fraser (Nicole Kidman), mediku bikain batekin ezkondua (Hugh Grant), New Yorkeko maila handiko eskola bateko ikasle den seme jator baten ama... Kezkatuta dabil senarra kanpoan delako eta harekin telefonoz edo emailez kontaktatzeko arazoak dituelako. Kezka arin horretaz aparte, dena ondo dago haren bizitzan, harik eta bi polizia bila datozkion arte, ezagutzen zuen andre baten hilketa dela-eta galdera batzuk egitera.

Galdeketa tramite hutsa delakoan doa Fraser polizia-etxera, baina hango galdeketa-gelan Franz Kafkaren Prozesua eleberriko Joseph K. bezain babesgabe sentituko da poliziak galderak egiten hasten zaizkionean, egitate ziurtzat jotzen dituzten susmo izugarriak aletuz.

Nornahiren desirak edo/eta inbidiak pizteko moduko andre gazte, eder, bizkor eta jatorra, New Yorken, zibilizazioaren erdigunean, munduko hiririk hiritarrenean, gizakiak bere burua babesteko sortutako elementuz hornituenean, ezer txarrik egin gabe, semaiko baten kulparik gabe, munstrotzat dutela —eta, horrenbestez, azken batean, munstroa dela— jabetuta irteten da polizia-etxeko galdeketa-gelan minutu batzuk batzuk pasatu ondoren.

Gaur egungo telesail poliziako ia-ia guztietan —eta erdiak baino gehiago dira, aldez edo moldez, poliziakoak— dago polizia-etxe bateko galdeketa-gelako sekuentzia bat baino gehiago, eta askotan horiexek dira indartsuenak.

Galdeketa-gelan, pertsonaia, galdekatua, erabat biluzik —espiritualki biluzik esan nahi da, ez fisikoki, eskuarki behintzat— geratzen da polizien aurrean ez ezik ikuslearen aurrean ere, eta horrek barruan duen indarra bete-betean azaleratzeko aukera ematen dio, barruan indarrik baldin badu behintzat.

Sakon begiratuta, elizetako aitorlekuak bisitaririk gabe geratu izanaren ondoriozko hutsune existentziala betetzeko modu bat ez ote da polizia-etxeetako galdeketa-gelek telesail poliziakoetan duten presentzia oparoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.