Haran zoriontsuko negar malkoak

'Happy Valley' polizia drama britainiar saritua agurreko atalak ematen hasi da. Telesailaren hirugarren denboraldia azkena izango da

HAPPY VALLEY.
Mikel Yarza Artola.
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
BAFTA saria eskuratu zuen 2014an, estreinatu eta berehala. Berdin 2017an, bigarren denboraldiarekin. Happy Valley telebista britainiar publikoak azken hamarkadan eman duen fikziozko lanik trinkoenetako bat da, eta, orain, sei urteko itxaronaldiaren ostean, amaierara helduko da. Hirugarren denboraldiak ere sei atal izango ditu orotara.

Drogen menpekotasuna, amodioa, krimena, gizarteratzea... eta polizia jarduna. Hasieratik, Catherine Cawood sarjentu protagonistaren gorabeherak izan dira telesailaren ardatza, haren lan etika zorrotza, nortasun sendoa eta bizitza pribatu delikatua. Haren aurrean, pertsonaia konplexu andana, eta argitu gabeko hamaika gizarte eta familia gatazka. Ildo horri tiraka itzuli da saioa azken denboraldiko lehen atalean.

Bederatzi urteotan, protagonistek bide luzea egin dute, eta dagoeneko ezin diete horren erraz izkin egin iraganeko mamuei eta sekretuei. Pitzatuta daude, tragedien zamak baldintzatuta, eta garai bateko okerrak konpondu nahian ikusiko ditugu denboraldi hasiera honetan. Cawood erretiroaren atarian dago, ezagutzen ditu polizia jardunaren eguneroko mugak, eta aurrerantzean nolako bizitza nahi ote duen pentsatzen hasi da.

Itzulerako atalak alor formala baliatu du kontraste hori azpimarratzeko. Langunea krimenaren esparru zikin eta lokaztu gisa ageri da iruditan; etxea, berriz, protagonistak bere burua topatzeko toki intimo modura. Cawood sarjentuaren figurak ere balio berezia du, edertasunaren kanonetatik urrun, milioika ikuslerengana helarazi duelako emakumezko polizia lodi bat, autoritatezko figura gisa. Aldehorretatik, esan liteke telesaila BBCk joanden urtean plazaratu zuen beste polizia drama baten ispilu dela, Martin Freeman protagonista duen The Responder. Batean zein bestean, segurtasun agenteak bazterreko hiriguneetan eta pertsonekin aritu ohi dira lanean. Gainera, poliziaren jardun uniformetik harago, agente bakoitzaren askatasun indibidualak ere zeresana izan dezakeela aldarrikatu dute haien bidez.

Telesail britainiar askoren tradizioari jarraituz, Happy Valley gai izan da iraupen laburreko formatuan nortasun ezin bereizgarriagoa duen unibertso bat eratzeko. Polizia etxeak, presondegiak, auzune behartsuetako kale bakartiak... hamaika aldiz ikusi izan dira fikzioan, baina Ingalaterra iparraldeko Yorkshireko zoko hauek bizitza propioa dute, batez ere, gidoilariei esker. Minutuen poderioz, pertsonaiak gune horietara sustraitu eta ekosistema horren parte zatiezin bilakatu dituzte.

Finean, prozedura estiloko polizia istorio bat gehiago da honako hau, atal edota denboraldi bakoitzean segurtasun agenteek beste arazo bati egin behar diote aurre. Errepikapena izan ohi da tankera honetako kontakizunen ikurra, baina bi ahoko ezpata ere bilaka liteke, tartean narrazio ildo berririk txertatu ezean.

Happy Valley telesaileko pertsonaiek, ordea, oxigenoa sobera dute, krimenaren ur sakonetan korapilatu arren, amaierara bizirik eta indartsu iristeko. Familia indarkeria, abokatuen galdeketa estuak, heriotza eta dolua izango dira nagusi agur esateko falta diren bost ataletan. Otsailaren 5ean isuriko du haran zoriontsuak azken negar malkoa.

'HAPPY VALLEY'
Sortzailea: Sally Wainwright.
Aktoreak: Sarah Lancashire, James Norton, Rhys Connah, Amit Shah, Mollie Winnard.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.