Hiltzailearen pentsaera ulertu nahian

Yon Gonzalez aktore bergararrak saileko hiltzaile baten rola jokatu du 'Memento Mori' polizia thrillerrean. Sei atalak Amazon Primen daude ikusgai

TXUCA PEREIRA.
Mikel Yarza Artola.
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun

«Urteak igaro litezke lehen hilketa gauzatu arte, baina behin pauso hori emanda, ezin dute gelditu». Psikologia kriminala aztertzen duen poliziaburu baten azalpenak dira, Memento Mori telesailaren lehen eszenan. Indarkeria berezkoa ala borondatezkoa da? Eta zer gertatzen da gizabanako baten garunean, hilketak sistematikoki egiten hasten denean?

Hamaika dokumental zein fikzio sortu izan dira galdera horien inguruan, David Fincherren Mindhunter telesaila da azken urteetako ezagunena, eta ideia paretsuak esploratu ditu Memento Mori ekoizpen espainiar berriak. Telesaila literatur trilogia baten egokitzapena da, nobela beltzean berezitu den Cesar Perez Gellida idazle gaztelarraren Versos, canciones y trocitos de carne lanarena zehazki.

Yon Gonzalez aktore bergararra da sei ataleko polizia thriller honetako erabateko protagonista. Saileko hiltzaile kalkulatzailearen rola ezin hobeto jokatu du, eta, pantailan agertzen den bakoitzean, irudiek aparteko indarra hartzen dute. Argazkia, artea, jantzitegia... denak bere neurrira egina dirudi.

Labana guraizeekin trukatuta, Gonzalez liluragarri ageri da Basic Instinct klasikoaren oihartzunak dituen sexu eszenan, eta haren interpretazioak dezenteko antza du Christian Bale aktore laudatuak American Psycho filmean emandako erakustaldiarekin. Bien estiloa paretsua da, baita rock doinuek giroturiko indarkeria eszena esplizituen sortan ere. Gonzalezek, besteak beste, Kudai musika talde gipuzkoarraren erritmoan betetzen du bere eginkizun zitala.

Gidoiaren ahuleziak

Protagonista iraganeko mamuek oinazeturiko gizon gaztea da, pertsonaia konplexua, eta telesailak indarra galtzen du hura pantailatik desagertzen denean. Polizia etxean, gizonezko agenteak buru-belarri dabiltza hiltzailea atzemateko ikerketan, eta, unibertsitatean, emakumezko irakasle bat moralari eta filosofiari buruzko azalpenak ematen ari da. Denek bat egiten dute metamorfosiaren kontzeptuaren bueltan, baina gidoia artifiziala da, ebidenteegia, eta oso urrun geratzen da omendu nahi duen Franz Kafkaren espiritu iradokitzailetik.

Hiltzailearen unibertsotik at, kontakizunak ez du aparteko zirrararik eragiten, eta, hala ere, gai da modu entretenigarrian aurrera egiteko. Memento Mori Espainiako zinemagintza garaikideko unibertso jakin batean koka liteke, Que Dios nos perdone filmaren eta Parot telesailaren alboan. Haien aldean, ordea, irudiek apenas aberasten duten kontakizuna, eta bigarren mailako pertsonaiak bazterrera eramanda daude, ez oso garaturik.

Heroes del Silencio, Nacho Vegas, Love of Lesbian... garai bateko zein egungo artista seinalatuen kanta gogoangarriak entzun litezke lehen ataletan, eta ikusleek maiz arreta handiagoa jarriko dute haietan, istorioan baino. Memento Mori ez da, beraz, minutuek aurrera egin ahala korapilatzen den telesail bat, ikusleak pantailari itsatsita mantenduko dituena. Hori bai, balio dezake berrespen gisa: Madrilera jo eta El Internado telesailarekin ospea lortu zuen mutiko gazte hark urteen poderioz izan duen bilakaera sendoaren berrespena.

'MEMENTO MORI'
Sortzailea: Marco A. Castillo.
Aktoreak: Yon Gonzalez, Manuela Velles, Celia Bermejo, Francisco Ortiz, Juan Fernandez.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Amazon Prime Video.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Thrillerra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.