Izarraren azken argi printzak

Helena Bonham Carterrek 1960an Erresuma Batuko telebistan egundoko arrakasta izan zuen Noel Gordonen rola jokatu du 'Nolly' telesail laburrean

FILMIN.
Mikel Yarza Artola.
2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Noele Gordon Nolly izeneko 8 urteko neskato bat izan zen koloretako telebistan sekula agertu zen lehen emakumea. Hiru hamarkada geroago, helduaroan, Nolly aktore eta antzezle ospetsu bilakatu zen Crossroads telenobelan. Haren arrakasta sekulakoa izan zen, 1960ko hamarkadako Erresuma Batuko izar nagusietako bat bilakatzeraino.

Astean bost aldiz, milioika britainiar telebistaren aurrean elkartzen ziren saioaren izen bereko moteleko bi ahizpen lehiak, negozioak eta langileen gorabeherak ikusteko. Atalak zuzenean filmatzen zituzten, eta gidoiak unean bertan egokitzen, errepikapenetarako ia aukerarik gabe. Nolly erabateko erregina zen eguneroko jardun horretan, hamazazpi urte eta zazpiehun atalen ostean, kaleratu zutenera arte.

Berrogei urte geroago, Russell T. Daviesek hiru ataleko fikziozko telesail labur bat osatu du Noele Gordonen arrakasta eta gainbehera modu intimoan esploratuz. Davies sortzaile ezaguna da nazioartean, Queer as Folk eta Doctor Who klasiko garaikideen gidaritzan egindako lanagatik, eta azken urteetako Years and Years eta It's a Sin telesail laudatuengatik. Oraingo honetan ere ez du hutsik egin, eta istorio biografiko gozo bezain gogoetatsu bat osatu du.

Protagonistak horrenbesteko pisua duen kasuetan, izar nagusiak distira berezia egin behar du telesailaren argia itzali ez dadin, eta Helena Bonham Carterrek foku guztiak bereganatu ditu. Erregina indartsu baten tankeran aritu da Nollyren rolean, errealitatean pertsonaia publiko gisa eskuratu zuen boterea besarkatu nahian. Emakume hauskor eta zalantzati modura ere ageri da, lana eta iparra galtzen dituen unean.

Begien aurrean duguna garai bateko fikzio arrakastatsu baten fikziozko egokitzapen bat da; alegia, istorio berberaren aldaera berri bat, eta Daviesek hori oso kontuan izan du alor formalean. Nolly telesailak Crossroads telenobelaren pasarte ezagunenak zehaztasun osoz birsortu ditu, baina ez da horretara mugatu. Kameraren atzean, filmaketa seteko mugetatik kanpo gertatu zenari ere erreparatu dio.

Noele Gordon izarraren kaleratzea da hiru atalen ardatz tematiko nagusia, eta sortzaileek azpimarra berezia egin dute garai hartako matxismoan. Nolly gizonek menderaturiko mundu bateko jostailu baten pareko irudikatu du Daviesek, telenobelaren arrakasta eta etorkizuna kudeatu zuten ekoizleen jokamoldearen biktima gisa.

Egungo gazte britainiar askok ez dute jakingo Noele Gordon nor izan zen, are gutxiago Erresuma Batutik kanpo. Ordu hartako soap opera estiloko kontakizun gehientsuenetan, gainera, gizonezkoak izan ohi ziren ardatz, eta kontrako kasuetan ere inor gutxik eskuratu zuen Nollyren tamainako sona.

Nolly telesail laburrak balio du oroimen ariketa bat egiteko, duela mende erdi bere garaiari aurrea hartu zion figura femenino seinalatu bat berreskuratzeko. Baina, batez ere balio du, behinola Crossroads ikusten zuten milioika zaleen tankeran, telebistaren aurrean eseri eta pare bat orduz entretenitzeko. Londresko kartoizko estudioen eta Veneziako kanalen artean, abentura zirraragarri bat dagoelako.

'NOLLY'
Sortzailea: Russell T. Davies.
Aktoreak: Helena Bonham Carter, Augustus Prew, Con O'Neill, Antonia Bernath eta Mark Gatiss.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena:45 minutu.
Generoa: drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.