Telesailak

Azken denbora jauzia

Hirugarren denboraldiarekin esango du agur zientzia fikziozko 'Dark' telesail alemaniarrak. 2017an estreinatu zuen Netflixek

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Zorioneko daude denbora jauzien, naturaz gaindiko gertakarien eta azken minutuko ezustekoen zaleak. Dark bueltan da, hirugarren eta azken denboraldirako. 2017an estreinatu zuen Netflixek telesail alemaniar hori, eta harrera beroa izan zuen nazioarteko kritikaren zein publikoaren aldetik. Mutil gazte baten desagarpena abiapuntutzat hartuta jorratu zuten istorioa Bo Odar eta Friese sortzaileek, lau familia hiru hamarkadatan lotzen dituen kontakizun batean.

Ardatz horren inguruan josi dituzte porrot egin duen zentral nuklear bat, hondamendiak gizartean utzitako aztarna eta pertsonen desagerpenak senideengan eragindako oinazea. Sekretuen eta ezkutuko desioen bidez eraiki dute gidoigileek komunitate txiki baten inguruko kontakizuna, eta iruditara eraman dituzte zorigaitzeko gertakari horiek bertako biztanleengan eragindako zauri emozionalak.

Erreferentzia filosofikoak ere txertatu dituzte kontakizunean. Determinismoa batetik, Nietzscheren betiereko itzulera bestetik. Sutrai alemaniar sakonak ditu telesailak, herrialdearen XX. mendeko historia atze oihal gisara baliatu du, eta hori guztia nabari da alor formalean. Hollywooden abiada biziko kontakizun estilotik urrun, lanketa atmosferikoa da nagusi, giro astun eta hotza. Iluna da eszenaratzerik eguzkitsuena ere. Hiru denboralditan, ikus-entzunezko nortasun propioa eraiki dute sortzaileek.

Espainian El Ministerio del Tiempo da tankera horretako telesailen artean erreferentea, baina historia politikoa azaletik kontatzera mugatu da: abentura eta entretenimendua dira nagusi. Dark, berriz, eroso sentitzen da esparru indibidualean, existentzialismotik gertu. Euren buruarekin bakean bizi ezin diren pertsonen askotariko gatazkak esploratzen ahalegindu da nagusiki.

Tamalez, fikzio alemaniarrak sarritan errepikatu du narrazio egitura berbera eta gehiegi oinarritu da Rene Barjavel idazle frantziarrak 1943an ezagun egin zuen aitonaren paradoxa delako kontzeptuan. Alde horretatik, telesailak bi klasiko ekar ditzake gogora: Twin Peaks eta Lost, baina Dark ez da aitzindari horiek bezain mamitsua. Ezta 2020an bertan pantailaratu eta berehala kultuzko estatusa lortu duen Devs bezain ausarta ere.

Basoz inguraturiko Winden herriko hasierako gertakariek indar berezia dute, baina atalek aurrera egin ahala minutu gehiago igaro dituzte denbora jauzietan lardaskan pertsonaien eraikuntzan baino. Kontzeptualki anbizio handia erakutsi duen arren, telesailak zientzia fikzioaren konbentzioak besarkatu ditu maiz, eta jostailu narratibo gisara agortzeko zorian egon da. Zorionez, azkenerako hegalak zabaldu eta berriz ere indartsu aireratu da.

2020ko ekainak 27 ditu gaur, larunbata da: telesailak behin eta berriz iragarritako apokalipsiaren eguna. Zortzi orduko bidaia gozatuko dute orain zaleek, pertsonaien patuaren eta unibertso misteriotsu horren inguruko teoriak mamituko dituzte, azken denbora jauzia egin aurretik.

'DARK'
Sortzaileak: Baran bo Odar, Jantje Friese.
Aktoreak: Louis Hofmann, Anna Konig, Roland Wolf, Oliver Masucci, Jordis Triebel.
Herrialdea: Alemania.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Zientzia fikzioa. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.