Telesailak

Poliziaren egiturazko pitzadura

Rodrigo Sorogoyenek 'Antidisturbios' telesaila estreinatu du, Donostiako Zinemalditik igaro ostean

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Pantaila handirako eginiko lanengatik eskuratu dute azken urteetan sona Madrilgo Rodrigo Sorogoyen zuzendariak eta Zaragozako (Espainia) Isabel Peña gidoigileak. Madre eta El Reino filmekin hiru Goya sari eskuratu zituzten, baina aurrez telebistarako hainbat lanetan trebatu dira. Antidisturbios da arduradun nagusi gisa ondu duten lehen telesaila.

Lan hau Movistar Plus plataformak azkenaldian autore telesailen alde egin duen apustuaren testuinguruan kokatu behar da. La Peste, La Zona, Gigantes, Felix, Hierro, Vida Perfecta... Plataformak leiho bat ireki die ahots propioa duten zinemagileei, euren sormena pantaila txikian lantzeko. Are gehiago, plataformen lehia inoiz baino biziagoa den honetan, Atresmediak ere egin dio gonbita Sorogoyeni, eta dagoeneko prestaketa fasean du telesail berri bat. Gai nagusia: La ruta del bakalao izenez ezagun egin zen Valentziako (Herrialde Katalanak) gau giroa .

Antidisturbios Madrilen giroturiko istorioa da, hiri erdiguneko Moratalaz barrutian. Telesailak Espainiako Polizia du ardatz, zehazki istiluen aurkako Poliziako sei agente eta haien jarduna ikertzeko ardura duen emakumezko inspektore gazte bat. Etxegabetze batek piztuko du sua. Protestan ari zen kide baten heriotzak bultzatuko du ikertzeko prozedura, baina gertakaria dirudien baino korapilatsuago bilakatuko da.

Sorogoyenek poliziakideen jardunean jarri du arreta, eta haien eguneroko gatazkatsua islatu du, lantokian zein bertatik kanpo. Gaizki irtendako operazio batek utz diezaiekeen arrasto psikologikoa eta penala nabarmendu du, eta iradoki du presio profesionalak etxeko giroan ere sekulako oihartzuna duela. Hori bai, Poliziaren pitzadurak ere azaleratu ditu sortzaile maldrildarrak: indarkeria neurrigabea, matxismoa, ustelkeria eta gardentasun falta, besteak beste.

Urteen poderioz, zuzendari gisa bereizi duen estiloa alboratuta, Sorogoyenek dokumental kutsua eman die eszena askori. Kamera polizien bizkar gainean jarri du ia une oro, haien pauso bakoitzari jarraituz. Alde horretatik, inspektoreen galdeketa saioan loratu da, batez ere, bere zinemagintzarako sena, eta, muntaketa zatikatua baliatuta, adimenez orekatu ditu hitzak eta irudiak pasarte narratibo bakoitzera.

Historia garaikidea

Gizonezko polizien eta emakumezko inspektorearen arteko talka da kontakizunaren ildo nagusia, baina alde biek administrazio berberarentzat egiten dute lan. Sorogoyenek elementu hori erabili du bere obrako ideia nagusietako bat azpimarratzeko: sistemaren atzaparretan ito daiteke norbanakoa.

Horma zulaezina eraitsi eta berehala ohartuko da inspektore protagonista inor gutxik bilatu nahi duela egia polizien munduan: haren lankideentzat, hobe da trapu zaharrak alfonbrapean mantentzea. Tamalez, protagonista amaraun instituzionalean murgildu ahala katramilatuko da telesailaren narrazioa ere.

Dena den, ausarta da Antidisturbios-en planteamendua, eta are gehiago Espainiaren historia garaikidea fikziora eraman izana. Villarejo komisarioa, Urriaren 1eko Katalunia, migratzaileak... horiek denak lapiko berean nahastu ditu Sorogoyenek, eta errezetak funtzionatu dio.

'ANTIDISTURBIOS'
Sortzaileak: Rodrigo Sorogoyen, Isabel Peña.
Aktoreak: Vicky Luengo, Raul Arevalo, Alex Garcia, Roberto Alamo, Hovik Keuchkerian.
Herrialdeak: Espainia.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Movistar+.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Thrillerra. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.