Telesailak

Obsesiozko pozoi gozoa

Apple TV Plus plataformak 'Losing Alice' telesail israeldarra estreinatu du, urte hasierako nobedade interesgarrienetako bat

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Alice zinema zuzendaria da; bere film berrirako prestaketa lanetan dabil, baina ezin dio ihes egin beldurren eta zalantzen mamuari. Amatasun arduren ondorioz krisi pertsonal eta profesional batean murgilduta, nekea eta paranoia dira nagusi 48 urteko emakume horren bizitzan. Etxean eta kalean norbait zelatan daukala sentitzen du, eta horretan ez du batere laguntzen bere laneko giro toxikoak.

Sophie gidoigilea da arazoen iturburua, baina baita erakarpenarena ere. Alicek tren bidaia batean ezagutu du ustekabean, eta denbora gutxian sekulakoa bilakatu da harenganako obsesioa. 24 urteko neska gaztearen gidoi bat oinarri hartuta hasiko da pantaila handirako lan berri bat prestatzen, eta horrek zuzeneko eragina izango du bien egunerokoan.

Sophiek Aliceren etxea inbadituko du, fisikoki zein emozionalki, eta zuzendariaren pentsamendu oro baldintzatuko. Joko arriskatu batean barneratuko da Alice; fikziora eraman nahi dituen ideiak errealitateko munduan hasiko da irudikatzen, eta hari horri tiraka loratu da, batez ere, Losing Alice telesaila.

Sigal Avin AEBetan jaiotako sortzaile israeldarra da. Bi hamarkada egin ditu zuzendari eta gidiogile lanetan, eta hau du irismen handiko streaming bidezko plataforma baterako lehen lana. Ez da, beraz, artista hasiberri bat, eta hori bistakoa da telesailari erreparatuz gero. Obsesiozko erakarpen istorio hori kontatzeko kodeak maisutasunez menderatzen ditu Avinek, eta alor formala eta narratiboa azken xehetasuneraino zaindu ditu.

Atalek badute berezko giro bat; su geldoan beroturiko misterio eta tentsio sarkorra da nagusi segundo bakoitzean, eta horren isla dira eszenaratzea, argazki lana eta soinuaren eta elipsien erabilpena. Abiapuntu sendo bat osatzeaz gain, Avinek fin josi du gidoia. Hasieran, kontakizuna amesgaizto itogarri baten parekoa da, baina ez du arazorik desio sexualaren inguruko istorio bilakatzeko, edota detektibe estiloko thriller.

Hollywoodeko kodeetatik aldenduta osatu du lan berria zuzendari israeldarrak, eta tartean igar liteke Michael Haneke eta David Cronenberg zinemagileen eragina. Telesaileko eszena batean, Alice zuzendariak eta Sophie gidoigileak Alfred Hitchcocken Psycho film klasikoaren inguruan hitz egiten dute, eta ez da kasualitatea: Avinek ere edan du thrillerraren maisu gorenetik. Beste eszena esanguratsu bat zinema areto batean giroturikoa da. Azken batean, zinemagintza telesailaren erdigunean dago, pertsonaien zoriontasun eta zorigaitzen iturri gisa.

Zuzendari baten sormenerako blokeoa da kontakizunaren ardatza, eta, hein batean, lanak badu kutsu autobiografikorik. Izan ere, Avinek aurrez ere jorratu izan ditu tankera horretako gaiak. 2005eko Telenovela Inc. telesailean eraman zuen iruditara bere telebistarako lehen lana sortu zueneko garai gatazkatsua.

Gainera, kasu honetan Israel atze-oihal besterik ez da. Herrialdeko gertakari politiko eta sozialek ez dute inolako pisurik telesailean, eta hori eskertzekoa da, aukera ematen baitu gatazka ideologikoa alde batera utzi eta han egindako fikzioa bere horretan epaitu eta gozatzeko.

'LOSING ALICE'
Sortzaileak: Sigal Avin.
Aktoreak: Ayelet Zurer, Lihi Kornowski, Gal Toren, Yossi Mashek, Shai Avivi.
Herrialdea: Israel.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atalen batez besteko iraupena: 45 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.