Telesailak

Askatasunaren apologia eta malenkonia

HBOren 'Euphoria' telesailak bigarren denboraldia estreinatu du, Hollywooden kode artistikoei desafio egin nahian

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
2019ko telesailik gogoangarrienetako bat izan zen Euphoria. Sam Levinson sortzaile estatubatuarrak aire freskoa ekarri zuen pantaila txikira. Institutu giroko kontakizun klasikoa ausardiaz blaitu zuen, irudimena eta esperimentazioa besarkatu zituen esnatze sexualari eta nerabezaroko gatazkei buruzko istorio honetan.

Pandemiak baldintzatuta, telesailak Rue eta Jules pertsonaia nagusien inguruko bi atal monografiko plazaratu zituen duela urtebete, eta zortzi pieza berrirekin itzuli da orain, baita indarrez itzuli ere. Mahai gainean emandako kolpearen tamainakoa da zuzendariak ikus-entzuleei gogora ekarri dien mezua: plataforma masiboen aroan, oraindik bada norbait mugarik gabeko sormen erradikalaren alde arriskatzeko prest.

Sexua, drogak, indarkeria... Euphoria-ren itzulera elektrizatzailea da lehen minututik, alor guztietan. Gidoia, estetika eta musikaren erabilera, denak dira sugar eta indar handikoak. Gainera, telesaila erraztasun handiz igaro da erregistro batetik bestera. Gai da bi gorputz biluziren arteko sinbiosi magikoa iruditan islatzeko eta, berehala, droga trafikoaren eta menpekotasunaren mundu ilunera salto egiteko.

Rueren eta Julesen artekoa da telesaileko harremanik bereziena, baina sortzaileek merezi duten arreta eskaini diete bigarren mailako pertsonaiei ere. Euren nortasunean sakondu dute eta muturrera eraman dituzte, gorabehera afektiboak zukutu eta aukera narratiboak zabaltzeko. Tamalez, ideiak azkarregi agortu zaizkie, eta, atalek aurrera egin ahala, saioko arduradunak pertsonaietako batzuekin zer egin jakin gabe geratu dira.

Dena den, gabezia horiek baino sendoagoa da Levinsonek eratu duen unibertso propioa. Elkarrizketen tonua eta horietan jorraturiko gaiak autentikoak dira, unibertsalak, eta bere burua ezagutzen ari den gazte oro identifikatzeko modukoak. Horregatik da telesaila horren sinesgarria, depresioa erdigunean jartzen duenean. Belaunaldi gazteen egungo zama nagusietako bat naturaltasunez jorratu du, eta itxaropenez zipriztindu.

Sortzaileek ez diote beldurrik sentimendu hauskorrei, ezta biluztasun emozionalari ere, eta horrek are katartikoago bilakatu du maitasunaren eztanda. Kontuan izan behar da telesaila 2019ko udan argitaratu zela estreinakoz. Ordutik, mundua goitik behera aldatu da, eta, harekin batera, baita festarekiko giza begirada ere. Euphoria-k iruditan erakusten dituen ospakizun basatiak itxaropen izpi dira nolabait, askatasun oihu, debekua eguneroko ogi bilakatu den honetan.

Dagoeneko, estasi une horiek iraganeko oroitzapen lauso dirudite, eta telesailak gertuago sentitzen lagun dezake, bizitasun narratibo eta formalari tiraka. Filmaketa tradizionala da horren erantzule: lantaldeak Kodak Vision 3 kamera klasikoak erabili ditu, eta 2018ra arte merkatutik desagertuta egon diren Ektachrome pelikulak. Bi elementu horiek bihurtu dute Euphoria horren telesail zinematografikoa. Izan ere, oraindik bada norbait mugarik gabeko sormen erradikalaren alde arriskatzeko prest.

'EUPHORIA'
Sortzailea: Sam Levinson.
Aktoreak: Zendaya, Hunter Schafer, Sydney Sweeney, Jacob Elordi, Eric Dane.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.